Durangaldeko Mankomunitateko arduradunek azaldu dutenez, "COVID-19 birusak sortutako osasun arloko krisiak eragin negatibo handia izan du ekonomian eta enpleguan. Durangaldeko enpresa askok ERTEak aurkeztu dituzte. Egungo egoeran, ezinbestekoa da enpresa horiei laguntzea, euren jarduera berreskuratu ahal dezaten eta, horrela, euren lana galdu dutenak lan merkatura ahalik eta azkarren itzul daitezen". Horregatik Durangaldeko enpresa txikiei eta ertainei zuzenduta, administrazioetatik bultzatu diren neurriei buruzko informazio eta aholkularitza zerbitzua jarri du martxan Mankomunitateak, "enpresa horiek ahalik eta azkarren gainditu ahal dezaten COVID-19k sortutako krisi ekonomiko egoera".
Bestalde, Durangaldeko Behargintzatik "enpresen berrikuntza soslaia" aztertuko da, eta euren gaitasunak eta berrikuntzako jarduera hobetzen lagunduko zaie. Epe ertain-luzera begira egingo da hori, "ekonomiaren sustapenerako eta enpresa sarearen lehiakortasunerako berrikuntza funtsezko palanka dela jakinda, eta Euskadiko enpresa txikien eta ertainen puntu ahulena berrikuntza dela agerian geratu ostean", argitu dutenez.
Ekonomiaren sustapenaren alorrean Durangaldek dituen lehentasun estrategikoekin erlazionatutako negozio aukera espezifikoak identifikatzen eta eskualdeko enpresei transferitzen lan egingo du Mankomunitateak, "modu espezifikoan Smart Mobility eta Elektromugikortasun kontzeptuari dagokionez, automobilgintzaren sektorean oso pisu espezifiko handia duen enpresa sarearen suspertzea bultzatzeko", gaineratu dutenez.
Gobernantza eredu berri bat
Azken lan ildo moduan, ekonomiaren sustapenean koordinazioa hobetzeko "gobernantza eredu berria proposatu, kontrastatu eta sustatu" gura du Mankomunitateak. Hartara, Durangaldeko enpresen lehiakortasuna bultzatzeko. Era berean, eta enpresa sarearekin lankidetzan, eskualdean gauzatu beharreko proiektu berritzaile espezifikoen identifikazioan ere aurrera egin gura dute.
"Eskualdeko eragile publiko eta pribatu nagusien iritziz beharrezkoa da Leihakortasunaren Poloa indartzea", Mankomunitateko arduradunek azaldu dutenez, "enpresei modu eraginkorrean laguntzeko, eta gero eta ekonomia globalagoan aurrean dituzten erronka handiei aurre egiteko". Ekonomia mota horren ezaugarri nagusietakoa aldaketa teknologiko azkarrak direla gaineratu dute.
Durangaldeko Mankomunitateak Lehiakortasunaren Poloarekin, Amorebietako Udalarekin, BEAZekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan jardun du, azken hilabeteotan, "eskualdeko lehiakortasuna sustatzeko ereduan aldaketa sakona indartzeko, eta lehenengo ildo nagusiak maila teknikoan definitu ditu". Proiektu horren bitartez beste pauso bat eman gura dute, eta "beharrezkoa den sozializazio, kontraste eta bultzada prozesua gauzatu eskualdeko erakunde, enpresa, zientzia-teknologia eta gizarte arloetako eragile nagusiekin, eragileen benetako beharretara egokitzeko, hobetzeko eta bere ezarpenean aurrera egiteko", azaldu dute ohar baten bitartez.