Plastikoaren erabilera murrizteko proposamenak, Durangaldeko ikastetxeen eta Amankomunazgoaren eskutik

Ekaitz Herrera 2020ko eka. 12a, 13:25
Plastikoa murrizteko kanpaina baten irudia, iaz, Durangoko San Antonio ikastetxean.

Durangaldeko ikastetxeek ingurumena zaintzeko proposamenak helarazi dizkie Amankomunazgoari. Poltsa berrerabilgarriak doan banatzea, erreka garbitzeko irteerak antolatzea eta udalerriak garbitzeko boluntario-sareak osatzea daude proposamenen artean.

Amankomunazgoak eta Durangaldeko eskolek Eskola Agenda 21 programaren hamalaugarren edizioa landu dute elkarrekin. Aurten, plastikoaren murrizketan eta ibai-erreken zainketan ipini dute arreta. Ikastetxeek dozena bat ideia ipini dituzte Amankomunazgoaren eskuetan. Horien artean daude, besteak beste, poltsa berrerabilgarriak herritarren artean doan banatzea, estalkia duten paperontziak jartzea haizearen eraginez zaborrak hegan egin ez dezan; errekak, kaleak eta hondartzak garbitzeko irteerak antolatzea edo udalerria garbitzeko boluntario-sarea sortzea.

Konpromisoak eta aurrera begirako planak

Amankomunazgoak jasangarritasunari lotutako hitzaldiak eta tailerrak antolatzeko konpromisoa hartu du bere gain. Plastikoak sortzen dituen arazoez kontzientziatu gura ditu herritarrak. Bestalde, gazteei zuzendutako ideia lehiaketa bat ipiniko du martxan, birziklatutako plastikozko produktuak sortzeko ideiekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!