Durangaldeko Berbalagunek ondorioztatu du "online bidezko komunikazioak sekulako bulkada" jaso duela, eta "geratzeko" etorri dela. Horregatik, online bidezko mintzapraktikak indartuko dituzte aurrerantzean. Irailean etortzekoa den ikasture berriari itxaron barik, dagoeneko zabaldu dute izena emateko aukera. Online saioekin malgutasuna eskaini gura diete euskara praktikatzeko gogoa bai, baina denbora tarte bat ateratzeko zailtasunak dituztenentzat. "Urtero hainbat lagun geratzen dira Berbalagun talderik gabe. Agenda oso estua izaten dute eta Berbalagun taldeetan sartzeko aukerarik barik geratzen dira. Gero eta lanpetuago bizi gara, eta askorentzat ez da bat ere erraza izaten astean ordu bete libre mintzapraktika egiteko gordetzea. Horientzat online mintzapraktika aukera ezin hobea izan daitekeela uste dugu", azaldu dute arduradunek.
HEMEN eman daiteke mintzapraktiketarako izena.