Aste honetan zehar, ostera, Eusko Jaurlaritzak esan du ikastetxeek "autonomia" edukiko dutela itzulera erabakitzeko. ANBOTOk jakindakoaren arabera, hainbat ikastetxek lasaitua hartu dute erabakiagaz, eta, orokorrean, maiatzean klase telematikoekin jarraituko dute. "Ez dugu aurreikusten itzulera orokorrik egongo denik. Internet bidezko klaseekin zailtasunak dituztenekin, DBHko ikasleekin batez ere, zer egin aztertzen ari gara", ipini du adibide moduan Jon Gorriño Durangoko Institutuko zuzendariak. Batxilergoko bigarren mailako ikasleekin selektibitatearen proba zelan prestatu ere aurreikusten ari dira.
Internetera egokitzen
Jesuitak ikastetxean ere pozik daude eskola telematikoekin. "Hasieran zaila izan zen, baina orain ikasle-irakasle hartu-eman hori bermatzen du", azaldu du Eva Rodriguez zuzendariak. Hala ere, ez dute baztertzen mailakako itzulera bat, beste hainbat zentrotan legez. "Ez da inolaz ere masiboa izango, eta klase horiek espazio handietan emango dira". Iritzi berekoak dira Ibaizabal ikastolan ere. Dena prest edukiko lukete maiatzaren 18ko itzulerarako, baina atzeratzea erabaki denez, tartea edukiko dute are gehiago fintzeko. "Egoera normalean ere, maiatzaren 15ean ziren amaitzekoak klaseak. Orain azterketetan geundeke", azaldu du Iker Gomez de Segura zuzendariak. "Orain artean, maila edo kasu bakoitzerako erabakiak hartu ditugu, eta beharrizan horien arabera prestatu dugu dena. Itzulerak progresiboa izan behar du. Selektibitatea prestatzeko klaseak ikastolan bertan izatea gura genuke, betiere osasun neurriak bermatuta", gaineratu du. Ikastetxeetan, azterketak Internet bitartez egitea egokitu zaie konfinamendu sasoian, eta orain aukera bi aztertzen ari dira: ikasgai batzuk Internet bitartez egitea, eta beste batzuk modu presentzialean.
Salbuespena tailerrean
Maristak ikastetxean ere pozik daude sare bidezko klaseekin, eta ez dute beharrizanik ikusten batxilergoko ikasleak ikastetxera bueltatzeko. Ostera, Lanbide Heziketako ikasleak tailerrera itzultzeko aukera aztertzen ari dira. "Ikastetxean bertan eginiko pantaila eta maskarak jantzi beharko lituzkete ikasle zein irakasleek. Talde txikitan banatuko lirateke, eta askoz jota talde bi egongo lirateke zentroan aldi berean", azaldu du Daniel Irazola Maristetako zuzendariak. Bere berbetan, "malgutasuna" da gakoa.