Etxealditik Euskaraldira ekimenaren amaiera fasera heltzear gaude. Zelako erantzuna izan du?
Balorazio formal bat egiteko oraindik goiz den arren, harrituta gaude ekimenak izan duen erantzun positiboarekin. Harritu egin gaitu herritarren partetik ekimenak izan duen erantzun onak, eta baita ere herri batzordeek zer ondo ekarri duten ekimena euren herrietara. Herri batzordeei ardura handia eman genien; koordinazio batzorde orokorrarekin batera proposamenak zabaltzeko eskatu genien, azken batean eurek dutelako harreman zuzena herritarrekin. Oso gustura gaude herri batzordeek egin duten lanarekin. Askok pilula bakoitza hartu eta bere egin dute, eta gauza horiek bizia ematen diote ekimenari.
Horrez gainera, konturatu gara antolakuntza aldetik momentu batzuetan egoera zailak bizitzen ari garela eta herri batzorde batzuk lanari ekiteko zailtasunak dituztela. Beraz, ekimen hau modu ona izan da harremanak berriro heltzeko, eta aktibatuta ez zeuden askorentzat aitzakia polita izan da Euskaraldiaren antolaketan hasteko, berdin entitateekin. Gainera, ikusi da gaia berriro aterata presentzia bat izan dugula komunikabide eta sare sozialetan. Horrek berriro gaia mahai gainean ipintzen lagundu du. Orokorrean, Euskaraldia bizirik dagoela ikusi da.
Domekan emango diozue amaiera ekimenari. Zer prestatu duzue?
Ekimenari hizkuntza ohituren erradiografia bat eginez eman genion hasiera, eta ordutik hona hainbat jarduera eta praktika landu ditugu. Beraz, pentsatu dugu amaiera emateko modu ona izan daitekeela gertatu den hori jasotzea. Orduan, norberak bere hausnarketa propioa egitea eskatuko dugu, eta bakoitzak nahi duen moduan (marrazkiekin, bertsoekin...) bizipen horiek jaso beharko ditu. Ondoren, maiatzaren 3an sare sozialetan ipintzeko eskatuko diegu.
Azaroan hastekoa den Euskaraldiari indarra eman dio ekimenak?
Bai, eta helburua, alde batetik, bazen gaia berriro indarrez hartzea eta beroketa ariketa moduan erabiltzea. Baina, beste alde batetik, uste dugu ekimenak erakutsi duela Euskaraldiak baduela tono edo itxaropen mezu bat, eta hori ikusi da bai herritarrengandik eta baita herri batzordeengandik jasotzen ari garen mezuetan. Orain arte, bagenekin Euskaraldian Ahobizi eta Belarripresten artean konplizitateak sortzen zirela, eta orain ikusi dugu Euskaraldiak etxera ere ekartzen dituela sentimendu horiek.
Etxean bertan eragin gura izan duzue. Lekurik zailena da?
Kasuan kasu, lekurik zailena edo lekurik errazena izan daiteke. Errazena izan daiteke etxean egon daitekeelako konfiantza hori hizkuntza ohiturei buruz hitz egiteko, akatsak egiteko, lasai sentitzeko prozesu horretan... Azken batean, denok dakigu hizkuntza ohiturak aldatzea ez dela beti prozesu erraza. Beste kasu batzuetan, berriz, ikusten dugu hizkuntza ohiturak erroturik ditugun guneak direla. Orduan, zailenak dira aldatzeko.
Egoerak horrela behartuta, ekintza guztiak bertan behera gelditzen ari diren sasoi honetan zelan ikusten duzue udazkeneko Euskaraldia?
Nahiz eta 15 eguneko ariketa izan, bi urte pasatzen ditugu Euskaraldia antolatzen, eta egia da antolaketan eragina izango duela. Egiteko moduak aldatu beharko ditugu, baina gure burutik ez da pasatzen Euskaraldia ez egitea. Uda ostean, Belarriprest eta Ahobiziei begira jarriko gara, azken batean Euskaraldiaren oinarria norbanakoak dira eta.