Merkatu plazak zabalik matentzeko eskatu du Soloko baserritar ekologikoen elkarteak

Anboto 2020ko mar. 27a, 11:49

Merkatu plazak zabalik mantentzea aldarrikatu du Soloko elkarteak. Beste denda eta saltokiek bezala, "bizi dugun egoera larri honek eskatzen dituen baldintza zehatz batzuk beteta", argitu dutenez. "Garbitasun neurriak, gutxieneko distantziak, aforoa…derrigorrez betebeharrekoak dira, baina merkatu plaza zabalik", azpimarratu dutenez.

Durangoko merkatu plazan bertan behera uztea erabaki zuen udalak. Ondorioz baserritar eta erosle asko beren jakiak saldu edo erosteko aukera gabe geratu ziren, Soloko elkarteak gogoratu duenez. "Nolabaiteok erantzun bat sortu zen eta kontsumitzaile batzuren nahia asetzea lortu zen, kasu batzutan beraiek hurbildu ziren baserrietara, beste batzutan baserritarrak joan ziren herritarrengana, baina kasu guztietan galdera berdina, datorren astean zer?", galdetu dute.

Herrian bertan erosketak egiteko "aukera paregabea" eskaintzen du merkatu plazak, Soloko elkarteak nabarmendu duenez. "Baserritarron produktuez gain, hor ditugu merkatuko arrandegi eta harakinak ere, eta hauek ere bizi egin behar dute. Hor ditugu denda txikiak, orgatxoa hartu eta etxean behar dugun guztia eskura eskainiz, geure herrian bertan, kotxerik gabe", diote.

Covid-19 birusari aurre egiteko larrialdi egoerak eguneroko bizitzak aldaketa sakonak eragin dituela gogoratu dute baserritar elkartekoek. "Janaria eskuratzeko saltokiak, denda txikiak edo merkatuak erabili genitzake, baina, azken hauek sortu da arazoa". Gogoratu dute Durangaldean antolatzen diren merkatu plazek, hala nahi duten herritarrei baserritarren produktuak erosteko aukera eskaintzen diela. "Baserritarrei zuzenean erositako produktuak, ekologikoak, sasoikoak, hurbilekoak", azpimarratu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!