“Urte askoan D ereduak helburu batzuk bete ditu eskoletan, baina orain aldatu beharra du”

Igor Galarza 2020ko mar. 15a, 11:00

Argazkia: Nagore Iraola

Eider Saraguetak ikerketa egin du Durangaldeko eskola publiko batean. Adingabeen informazioa babesteko, ez du zehaztu zein eskolatan egon den. Eskolan euskarak umeen artean duen presentzia ikertzeko asmoagaz egin du lana.

Zer esan gura du translanguaging terminoak?

Eleaniztunok hizkuntza batean zerbait jaso eta beste batean emateko gaitasuna da. Adibiderik garbiena zinearekin egin dezakegu: guk erdaraz kontsumitu dezakegu filma, baina, gero, kuadrillakoen artean filmaren ingurukoak euskaraz kontatzeko gaitasuna dugu. Finean, ariketa bat hizkuntza batean jasotzea edo egitea, eta beste batean ematea da. Hori oso modu orokorrean esanda. 

Zein izan zen eskolara heldu zineneko lehenengo irudia?

Euskara irakaslearekin euskaraz komunikatu, baina taldeka lan egitean, ikasleak gaztelaniaz hitz egiteko joera du. Era berean, beraien arteko elkarrizketa pribatuak, iritziak, partekatzen dituztenean, gaztelaniaz egiten dituzte.

Beste hizkuntzekin berdin gertatzen da?

Egoera aldatu egiten da euskara, gaztelania edo ingeles klaseak ematen dituztenean. Gaztelania klasean gaztelaniaz hitz egiten zuten. Baina esku-hartzearen bidez, ikasleak euskaraz mintzatzen hasi ziren. Irakaslea eta biok harritu gintuen joera aldaketa izan zen. 

Zer aldatu zen hain zuzen? 

Gaztelaniazko testu bat irakurri eta gero, galderei batera erantzun behar zietenean, euskaraz komunikatzen hasi ziren klasekideekin. Hori bai, umeei galdetzean lagunekin zein hizkuntzatan komunikatzen ziren, gaztelaniaz edo gaztelania eta euskara tartekatuta hitz egiten zutela erantzun ziguten. 

Euskara hizkuntza akademikotzat dute umeek?

Bai, eta ikerketan ikusi dudanagatik, nahiz eta ez den eskola honetako kasua izan, inguruak asko baldintzatzen du, eta ingurua ez bada euskara maila jakin batekoa, gaztelaniaz harremantzen eta saretzen dira.

Etxetik edo kaletik eskolarako bidea egiten du soilik translanguagingak?

Lagundu dezake eskolako hizkuntza, hau da, euskara, etxera eramaten, kontrako norabidea eginez. 

Zein da euskararen gabezia umeen inguruan?

Eskolan, eta oro har baita, egindako ikerketaren arabera, euskara ikasi eta jakin bai, baina erabilerarako pausoa falta da. Hainbat faktore daude horretan eragiten dutenak. Azken urteetan ikusi da eskola oso eremu eta tresna aproposa dela, baliagarria eta eraginkorra euskara sostengatzeko. Baina ez da bakarra. Komunikabideak daude, gizartea dago, herria eta eskolaren ingurua dago... Hainbat faktore daude, beraz. Eskolak lan zehatz bat egiten du, eta, nire ustez, oso ona da.

Zelan ari dira eskolak hori lantzen?

Eskolek aisialdirako eskolaz kanpoko jardueretan egiten duten ahalegina nabarmentzekoa da. Badituzte baldintza eta espezifikazio batzuk, zeinetan zehazten duten jarduera horietara doan umea euskalduna izan behar dela. Horren bitartez, euskara erabiltzera animatzen dituzte ikasleak. 

D ereduak funtzionatzen al du?

Eusko Jaurlaritzaren ikerketen arabera ikusten ari gara euskarak atzerapauso bat eman duela erabilerari begira. D ereduak urte askoan helburu batzuk izan ditu, baina gaur egun dugun ikasle tipologia desberdina da. Bere sasoian, helburu batzuk betetzeko sortu zen, eta orain ikusten dut aldatu beharra duela. Eskolak asko aldatu dira, eta molde berriak behar ditugu profil berri horietara heltzeko.

Gertatzen al da euskara etxetik duen umeak erabiltzeko lizentzia gehiago duela sentitzea, eta aldrebes? 

Ez dut uste. Nire ikerketaren baitan baziren haur batzuk inguruko herri txiki eta oso euskaldun batekoak izanda ingurukoekin gaztelaniaz mintzatzen zirenak, euskaldun petoak izanik ere. Hor eremu zabal bat dago, ikasleen abanikoa handia da. Jarraipena egin nien hamahiru ikasleetatik hamabik euskara maite zuten, begiko zuten, erabat, baina erabilera nahiko orekatua zeukaten euskararen eta erdararen artean. 

Estrapolatu daiteke ikerketa Euskal Herrira?

Ikerketa egiteko faktoreetako bat lurraldea da. Ez da azterketa bera egingo Bilbo erdian, Maulen edo Lizartzan. Eremu aberasgarri asko daude Euskal Herrian. Ikerketak Durangaldeko eskola bateko argazkia egiten du bakarrik. Suposatzen dut gaur egun ere gauzak aldatuta egongo direla.

Translanguagingak haurraren hizkuntza beste hizkuntzez zikindu dezake.

Hiztegia lantzeko egongo litzateke kasu horretan. Gaia eta kontzeptua ulertzeko gai bada, laguntza beharko du beste hizkuntzetan kontzeptua eta hitz gakoak ikasteko. Ez dira gauza bera eskolako hiztegia eta lagunekin duten tonu informala. Garrantzia ematen diot prestaketari, testuak etxean prestatu eta ikasgelan behar bezala adierazteari. Ikasleak hiru hizkuntza ditu, eta bakoitzean terminoen baliokideak bilatzen saiatu behar da. Ikerketan ikusi dugu kasu horretan hiru hizkuntzak maila berean daudela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!