Euskara sustatzearen aldeko konpromisoa berretsi du Amankomunazgoak

Joseba Derteano 2019ko abe. 3a, 11:01

Ekimenaren amaieran ateratako argazkia.

Gaur ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira erakunde adierazpena irakurri dute.

“Egun bakarreko aitortzatik haratago urteko 365 egunetan egin beharreko erabilera da aldarrikatu gura duguna”, adierazi du Mireia Elkoroiribe Amankomunazgoko presidenteak eta helburu horrekin sortutako Gaur, bihar, etzi... Durangaldean euskaraz bizi leloa duen ikurra gogoratu du. Amankomunazgoa osatzen duten udalek, euren udaletxeetako balkoietan eskegita dute ikur hori.

Elkoroiriberen sarreraren ostean, erakunde adierazpena irakurri dute hainbat lagunen artean. Orain arteko bidea errepasatu dute eta aurrera begirako asmoak aipatu dituzte. “Jardunak egunero erakutsi digu, ezinbestekoa dela bide horiek, gauzak egiteko modua, etengabe eguneratzea, eraberritzea eta irudimenez biziagotzea. Argi erakusten ari gara euskalgintzan ari garen guztiak prest eta gogotsu gaudela irakaspena barneratzeko eta praktikak mamitzeko”.

Euskaraldia ere izan dute berbagai, bere balioa azpimarratzeko. Hala ere, ekimen horretara bakarrik ez mugatzeko eta euskararen erabilera “alorrez alor lantzen” jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.

Amankomunazgoko alor anitzetako teknikariek eta udaletako ordezkariek ateratako familia argazkiarekin amaitu da ekitaldia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!