Eusko Jaurlaritzak eta Andoaingo Udalak antolatutako Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak aurten lehen aldiz bi kategoria izan ditu. Nobedadea izan den Komunikazio saria banatu dute, eta hori Ttap aldizkari digital multimediarentzako izan da, 2019an sendotze bidean emandako pausoengatik. Epaimahaiko kideek honako merezimenduak nabarmendu dituzte: euskarazko lehen aldizkari digital multimedia izatea, askotarikoak biltzen dituena, formatu multimedian eta digitalera egokitzeko bidean euskarazko kazetaritzari esparru eta aukera berriak irekitzen dizkion proiektua, elkarlanari zukua ateratzen diona eta aro digitaleko esparru ugari uztartzen dituena. Proiektu anbiziodun horrek 2019an sendotzeko emandako pauso erabakigarriak hartu ditu kontuan epaimahaiak. Haren zuzendari den Monika Belastegi bergararrak jaso du saria.
Harekin batera finalistak izan dira honako hauek: Korrika, 2019. urteko Korrikaren komunikazio kanpainagatik; CodeSyntax, Egunean behin jokoagatik eta Oier Aranzabal, Zuzeun egindako Barruan gaude podcastagatik.
Kazetaritza saria Kanaldudek
Bestetik, Kazetaritza saria izan da, aurreko urteetan legez, eta hori izan da Kanaldude telebistarendako, Hurbiletik saioko 2019ko uda arteko atalagatik. Pantxika Maitia kazetaria igo da oholtzara saria jasotzera.
Harekin batera izan dira finalista honako hauek: Ana Galarraga, Elhuyar aldizkariko Iraultza txikien lekukoak atalarengatik; Miel Anjel Elustondo, Berriako Zozoen elean elkarrizketa sortagatik; eta Jon Artano, EITBn, 2019. urtean Ameriketatik egindako kronika eta elkarrizketengatik.
Ohorezko Aipamena ere izan da. Iñaki Elorzaren ahotsa oso ezaguna izan da Euskadi Irratiko entzuleen artean. Izan ere, Elorzak urte asko eman ditu euskarazko irratigintzan eta ibilbide oparo hori aitortu nahi izan du epaimahaiak sariarekin.
'Ttap' sendotze bidean
Euskarazko Ttap aldizkari digital multimedia 2019an sendotu den proiektua da. Dagoeneko 100 elkarrizketa inguru jaso dituzte eta horretarako 70 kolaboratzaile inguru dituzte inguruan.
Aldizkari Digital Multimediak SL enpresa da Ttap argitaratzeaz arduratzen dena, eta honako hauek dira bazkideak: Durangaldeko ANBOTO, Goiena, Zumaiako Baleike, Iruñerriko Euskalerria Irratia, euskarazko tokiko hedabideak batzen dituen Tokikom bateragunea eta Kataluniako Esguard –azken hau hartu dute erreferentzia modura Ttap aldizkaria sortzeko–.
Ttap nola deskargatu:
Aldizkaria eskuratzeko aplikazioa deskargatu behar da, doan, Apple Store edo Google Play bidez.