“Euskaltzaleen komunitatea erdigunera ekarri dugu”

Monika Belaustegi (Ttap) 2019ko ira. 27a, 10:32

TTAP aldizkariak Elena Laka eta Kike Amonarriz batu ditu, Bergarako Errekalde jauregian. Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria izan da 2014ko apiriletik hona, eta utzi egin du kargua. Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaritzarako hautagai legez aurkeztuko da gaur, barikua, Andoainen egingo den batzar nagusian. Berak hartuko du Lakaren lekukoa.

Ez da kasualitatea Bergaran elkartu izana Euskaltzaleen Topaguneaz berba egiteko.
Elena Laka: Bai, eta Bergarak badu esanahi berezi bat Euskaltzaleen Topagunearentzat, ezta? 1996an tokian tokiko euskara elkarteek pentsatu zutenean edo pentsatu genuenean tokian tokiko egitura hori gainditzea eta horrek batuko zituen egitura nazional bat sortzea, sorrera bilera hori Bergaran egin zen. Horregatik, badauka esanahi berezia.
Kike Amonarriz.: Bai, eta, gainera, pertsona batzuk datozkigu gogora, ezta, Elena?
E.L.: Bai, nik gogora ekarri nahi nituzke dagoeneko gurekin ez dauden Eibarko eta Tolosako pertsona oso esanguratsuak. Nola haiek amestu zuten Euskaltzaleen Topagunea, mugimendu nazional bat, tokian tokiko mugimendua gaindituko zuena. Etxe hau eraiki ahal izateko, eurek jarri zituzten oinarriak.
K.A.: Bai, eta haiei eta haiek bezalako pertsona askori esker gaude hemen. Mugimendu oso polita sortu zen, eta gaur egungo Topagunearen errealitatea ulertzeko, uste dut garrantzitsua dela jabetzea Topagunea ez zela sortu aurrena eta gero elkarteak etorri zirela. Ez. Kontrako bidea izan zen, oso behetik gorakoa. Elkarteak hainbat lekutan zeuden, eta elkartu beharra eta hura koordinatu beharra ikusi genuen. Nolabait, federazio bat antolatu beharra. Horrek azaltzen du zergatik daukaten euskara elkarteek horrelako nortasun propio indartsua, nire ustez, gero eta gutxiago, baina oso prozesu polita izan da ikustea nola konbinatu talde bakoitzaren indarra, autonomia eta nortasun hori, mugimendu zabal batean.
E.L.: Gainera, atzean utzi ezin dezakegun nortasuna dela uste dut. Erabat garrantzitsua da elkarte bakoitzak eta herri bakoitzak bere nortasuna izatea. 90eko hamarkada hasiera horretan, elkarteak herriz herri sortzen hasi ginenean, denak Arrasateko AED elkartearen ondotik, bakoitzak bere ibilbidea izan zuen, eta orduan zaila zen pentsatzea egitura nazional bat izan zitekeela. Gero, Topagunea sortu zenetik 22 urte pasatu dira jada, eta, behetik gora sortutako federazio bat izanik, talde-lan bat eginez eta gizarte mugimendu moduan eratu da. Uste dut Euskaltzaleen Topaguneko balio garrantzitsuenetako bat horixe dela, ez dela erakunde pertsonalista.

Biak ere beteranoak Topagunean, eta zure kasuan, Elena, 2014tik hona, lehendakaria. Oraintxe laga duzu; zergatik?
E.L: Bost urte badira zerbait (barrez). Lagatzeko momentua dela uste dut. Bost urtean ibili naiz, ahal izan dudan neurrian, buru-belarri sartuta eta inplikatuta, eta orain, badator beste lehendakari bat. Gauza berriak egingo ditu, aro berri bat dator, jauzi bat aurrera egingo duena. Nik uste dut nire lana egin dudala, eta gizarte mugimenduetan aldaketa hauek gertatzea oso onuragarria dela esango nuke. Pertsonez osatutako erakunde bat da, eta, nire ustez, ezin da egonkortu pertsona bat, ez delako ona.

(Elkarrizketaren bideoa mugikorreko  Ttap aplikazioan)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!