EH Bilduk orain arte Herriaren Eskubidearekin batera gobernatu badu ere, litekeena da datorren legegintzaldian gobernu aldaketa ematea. EAJk 13 jarleku lortu zituen azken hauteskundeetan, 12 EH Bilduk, eta bana Herriaren Eskubideak eta Abadiñoko Independenteek. Azken hauek dute giltza. Abadiñoko udal osaketaren logika jarraituko balitz, EAJk eskuratuko luke Amankomunazgoa Independenteen laguntzagaz.
Lau urteko balantze positiboa
Karguan dagoen Aitor Lopez presidentea "pozik" dago lau urteotako kudeaketarekin.Tokiko garapenean eta gizarte zerbitzuetan emandako aurrerapausoak nabarmendu ditu: "neguko zerbitzua eskaintzetik urte osorako zerbitzua ematera pasa da aterpea" eta "arrakasta handikoak" izan dira Behargintzan eskainitako ikastaroak. Gainera, Zornotza ere batu da lehiakortasun polora eta finantzazioa ere handitu egin da". Bestalde, hondakinen gaikako bilketa amankomunazgoko herri guztietara iritsi dela, eta bertako kontsumo bulegoa Euskal Autonomia Erkidegoko erabilienetako bat dela azaldu du.
Ane Abanzabalegik egindako bidean sakondu gura lukeela aurreratu du. Lehiakortasun poloa garatu gura luke Behargintzarekin eta ingurumena "etorkizuneko erronka" gisa markatu du. Horrez gain, gainontzeko indar politikoei eskua luzatzen diela adierazi du.