Durangaldean erizaintza zerbitzua indartzeko eskatu dio Legebiltzarrak Osasun Sailari, EH Bilduren ekimenez

Jone Guenetxea 2019ko eka. 20a, 09:53

Osakidetzak Durangoko etenik gabeko arreta gunean erizain kopurua igo dezala eskatu du Ganbarak. EH Bilduk prentsa oharrean adierazi duenez, “Durangaldean osasun zerbitzuen bilakaera ez da eskualdearen eboluzio demografikoaren araberakoa izan”.

Legebiltzarrak EH Bilduren proposamena onartu eta Durangoko etenik gabeko arreta guneko zerbitzua hobetzeko eskatu die Osasun Sailari eta Osakidetzari. Erizaintza zerbitzua indartzeko eskaera egin du “lan-txanda bakoitzean presentziazko bi erizain egon daitezen, ekitate eta efizientzia irizpideen baitan”. 

“Durangoko etenik gabeko arreta gunea gutxienez 2013tik konpondu gabeko auzia dugu. 2014ko abenduaren 1ean Legebiltzarrak onartu zuen lan-txanda bakoitzean presentziazko erizain bat gehitzea, txanda bakoitzean bi erizain egon zitezen, baina Jaurlaritzak ez zuen Ganbararen agindua bete eta gaur da eguna erizain gehiagoren beharra agerikoa dena, Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuak ere aitortu bezala”, azaldu du Rebeka Uberak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!