Durangaldeko ikastetxe publikoetan bertako eta sasoiko produktuak prestatu eta kontsumitu ahal izatea da Berton Bertokoa mugimenduaren helburua. Askotariko ekintzak egin izan dituzte azken urteetan. Flasmob hau izan da horietariko bat; Miren Amurizaren letragaz Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinuek taldeak sortutako kantarena. 12 ikastetxe publikotako 200 bat lagun batu ziren grabaketan.
Bideoaren aurkezpenagaz batera egoeraren balantze bat egin dute. Azaldu dute katering enpresek ez dutela bete hitzartutakoa. Astean egun batez euren menuetan bertako produktuak sartzea adostu zuten, hain zuzen.
Bestalde, sukaldea falta duten ikastetxeetan instalazio hori ezartzea eskatu izan dute, eta aurrerapausorik ez dutela ikusi salatu dute, hekuntza sailak "lehentasun bat" izango zela esan zien arren.
Azken hileetan alderdi politiko batzuek euren dinamikari buruzko interesa agertu dutela, baina eskoletan "hain beharrezkoak diren hobekuntzak" ez direla eman ohartarazi dute.