Bizkaia berdeago baten bidean mugikortasunean eragin gura du EAJk eta arlo horri begirako proiektuak azaldu dituzte. Esaterako, bidegorriak egitea, Zornotzatik Durangora artekoa bezalakoa. Galdakao-Usansoloko Ospitalera metroa eramatea eta ‘Herri txiki aukera haundi’ egitasmoa dira beste helburuetako batzuk. Azken egitasmo horrekin, udalerri txikienek ere handienek dituzten zerbitzu publiko berberak izan ditzatela bilatzen da, jeltzaleek ohar batean azaldu dutenez.
Gaurko aurkezpena ez da toki batetara mugatu. Gernikan, Goiurian, Portugaleten eta Bilbon izan dira. “Denok gara Bizkaia, txikiok eta handiok. Bizkaiak etorkizuna dauka, proiektu eder-ederra daukagu herrialde honentzat. Denok partekatzen dugun erronka da eta denok gara beharrezko. Ez dugu Bizkaia aldatu nahi, hobetu nahi dugu. Eta egin egingo dugu garenetik hasita, garenaz harro gaudelako: kosta ikusgarria, itsasadarra; berdeguneak, natura”, nabarmendu du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi eta EAJ-ren izenean berrautaketarako aurkezten den hautagaiak.