Martxoak 31

1937ko martxoaren 31: Durango eta Elorrio hondamendi batek esnatu zituen eguna

Markel Onaindia 2019ko mar. 31a, 08:30

"Ahatz dezagun suntsidura, oinazea, tristura denik ere. Ez ukitu adreilu hautsiok, ez errauts epelok, ez odol itsaskor hau. Ez entzun sabai hondatu guzi hauen azpitik ailegatzen diren kexu eta biraoak, ez inondiko irrati irabazleren partetik". Joseba Sarrionandiak Ez gara geure baitakoak liburuan Durangoko bonbardaketa oroitzeko idatzitako berbak dira, Durango 1937 errelato poetikoaren hasierakoak.

Hain zuzen, askok ahaztu gura izan zuten terrorearen adierazle dira. Sarraskia, mina, hondamena. Mola jeneral kolpistaren aginduz, Italiako Aviazione Legionariako militarrek 336 pertsona hil zituzten 1937ko martxoaren 31n Durangon, 281 bonba jaurtita eta jendea metrailatuta. 229 etxe hondatu zituzten. Elorrion 7 lagun hil zituzten, 88 bonba jaurtita, eta hainbat izan ziren kaltetutako eraikinak.

Urte luzez isildua, Gerediaga eta Durango 1936 elkarteen ekimenez berreskuratu da nagusiki bonbardaketaren memoria. Estatuen partetik oroimenik ez, justiziarik ez, erreparaziorik ez, barkamenik ez. Argentinan zabaldu behar izan zuten ikertzeko prozedura. 2017ko uztailaren 18an, Durangoko Udalak aurkeztu zuen kereila herriko epaitegian, militar italiarrak bizirik ote dauden ezagutu eta epaitzeko asmoz. Durangoko eta Bizkaiko auzitegiek atzera bota zuten, eta Auzitegi Konstituzionalean errekurritu zuten. Ez dituzte biktimak ahaztu, eta ez dituzte ahaztu gura.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!