Aldundirako hautagaiak aurkeztu ditu EH Bilduk, Bea Ilardia buru dela

Anboto 2019ko mar. 16a, 16:31

Udal eta foru hauteskundeak izango dira maiatzaren 26an, eta EH Bilduk barrutietako hautagaiak aurkeztu ditu Santurtzin eginiko ekitaldian.

Durangaldea-Arratia barrutiko zerrendaburua Bea Ilardia galdakoztarra izango da, eta bera da ahaldun nagusi izateko hautagai lez izendatu dutena ere. Primarien bidez aukeratu dituzte zerrendako kideak, eta koalizioaren esanetan talde "anitza, sendoa eta orekatua" osatu dute. Horien artean, Zornotzan zinegotzi izan den Urko Lopez ere badago.

EH Bilduk esan du Bizkaian ondo bizitzeko baliabideak daudela. "Arazoa da baliabide horiek nola erabiltzen eta kudeatzen diren, eta agerikoa da hor badaudela gabeziak", azaldu du EAJren gobernua kritikatzeko. Koalizioaren ustetan "ezin dugu ekitaldi handien antolaketagaz soilik konformatu", eta "ekonomiaren dibertsifikazioa" beharrezkoa dela dio.

EH Bilduk esperientzia bermatzen duela esan dute. "Gobernatzen dugun udaletan erakutsi dugu EH Bilduren gaitasuna. Beste batzuek utzitako zor ekonomikoak konpondu ditugu, herritarren parte hartzea sustatu dugu eta gardentasuna ezinbesteko elementua izan da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!