EAEko erakundeek eta euskarazko hedabideek diru-laguntza marko berria aurkeztu dute Donostian

Tokikom 2019ko mar. 4a, 15:37

Agerraldia egin dute gaur Donostian, elkarlanean burututako bi urteko gogoeta prozesu baten ostean denen artean adostutako diru-laguntza marko berriaren aurkezpen publikoa egiteko.

Aurkezpenean, Eusko Jaurlaritza eta Araba, Bizkaia zein Gipuzkoako Foru Aldundietako ordezkariak egon dira, alde batetik, eta TOKIKOM zein Hekimenenak bestetik. Denek ere oso balorazio positiboa egin dute diru-laguntza eredu berriaren inguruan, eta puntu honetara iristeko egindako lana etorkizunera begirako harreman jarraiturako abiapuntu egokitzat jo dute.

Euskarazko hedabideentzako marko berriak berrikuntza nabarmenak ditu, denak ere hausnarketa luze baten ondorioz adostutakoak, besteak beste:

  • Diru-laguntzetarako irizpide bateratuak izango dira EAEko lau erakundeen artean, eta guztien artean esparru honetara bideratuko den diru poltsa 10,5 milioi eurokoa izango da, orain artekoa baino hiru milioi gehiago.
  • Hedabideen erabaki estrategikoak eta kudeaketa errazteko, egonkortasuna bilatu da, eta diru-laguntza deialdiaren epea hiru urtekoa izango da.
  • Hedabide bakoitzak jasoko duen laguntza kalkulatzeko oinarria bere gastuak izango dira, orain arteko puntuazio sistemaren ordez. Laguntzek gastu horren %30 arte kubritu ahalko dute.

TOKIKOMen izenean, Administrazio Kontseiluko kide den Iban Arantzabalek hartu du parte agerraldian, eta beste ezeren gainetik, puntu honetara iristeko prozesuan alde guztietatik izan den "harreman zintzoa" nabarmendu du bere hitzaldian.

Arantzabalek aukera aprobetxatu nahi izan du toki komunikabideen garrantzia azpimarratzeko, besteak beste "ia-euskaldun eta erdaldunengana ere iristeko duten ahalmenagatik, eta euskarazko komunikabideen kontsumoaren zati handi bat suposatzen dutelako". Interneteko datuen arabera, 2018an Hekimeneko medioen edizio digitalen bisiten %58 toki komunikabideetara egin zen, eta %41 TOKIKOMen bildutako hedabideetara. Gainera, TOKIKOMeko medioek 200 profesionali ematen diote lana, eta gainera, Arantzabalek azpimarratu duenez “euskarazko medio guztiok badugu gauza bat ona: ez gara elkarren konpetentzia. Denon beharra dago eta esango nuke badugula beharra elkarrekin lan egitekoa ere, parez pare”. Amaitzeko, sektorea egonkortzeko alde guztietatik egindako apustua eskertu eta emaitza onak ekarriko dituela ere iragarri du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!