Mixel Berhokoirigoin: "Aski esperantzarekin gaude larunbateko manifestaziorako"

Markel Onaindia 2019ko urt. 10a, 10:20

Orain presoak lemapean, Bilbon eta Baionan manifestazioak egingo dituzte zapatu honetan (17:00), Sare mugimenduak eta Bakegileek deituta. Ekimen horren harira, berbaldia antolatu zuen martitzenean Durangoko Sarek, Joseba Azkarraga eta Mixel Berhokoirigoinegaz (Gamarte, 1952). Iparraldeko laborantzan eta sindikalismoan ezaguna, 2017an ETAren armagabetzea lagundu zuen Bakearen Artisauetako bat izan zen. Orain, presoen egoerari buelta emateko lanean ari da. 

Zer sentsazio duzue larunbateko manifestazioei begira?
Aurreikuspena ez da erraza guretzat. Lehenagoko hitzorduak Bilbon ziren, eta guk Baionan deitzen dugu. Baina aski ondo sentitzen dugu, Iparraldean egin dugun lanak erakusten du badela atxikimendu bat eta, nire ustez, kopuruaz gain aniztasun zabala lortuko dugu. Jendarte aldetik, hautetsien aldetik... Inoiz ikusi ez ditugun hautetsiak ikusi ditugu egin dugun prentsaurrekoan. Gero ikusiko dugu, baina aski esperantzarekin gaude. 

Bilboko manifestazioaren kasuan, aipagarria da sindikatu guztiek parte hartuko dutela lehen aldiz, UGTk barne. Hala ere, azken urteetan, Iparraldean Hegoaldean baino adostasun zabalagoak lortu izan dituzue maila politikoan. Zein izan daiteke horra heltzeko bidea?
Ez dut legitimitaterik Hegoaldeari esateko zer edota nola. Historia desberdina dugula ikusi behar da. Iparraldean orain arte ez genuen instituziorik, eta horrek jendarte gisa mugitzeko eta eraikitzeko obligazio bat eman digu. Historia horrek permititzen du orain dugun aniztasuna. Uste dut Hegoaldean ere badirela aukera guztiak; kontsentsu handiagoak lortzeko bidean egiten ari dira urratsak, eta uste dut sindikatuena seinale bat dela. Bide hori landu egin behar da, elikatu, ez baita automatikoa. Askotan, besteari eskatzen zaion urratsa norberak egin behar du.

Laster urte bi beteko dira Bakearen Artisauek ETAren armagabetzea lagundu zenutenetik. Bidea ez zela hor amaitzen aldarrikatu zenuten, eta bake bidean presoen gaia desblokeatzeko lan egitera deitu zenuten. Horretarako, Frantziako Gobernuarekin elkarrizketak hasi zenituzten. Urrats batzuk eman dira baina oraindik dispertsio politika ez da eten, batez ere Madrilen. 
Mahai gainean dugun gaia da presoen egoera testuinguru normal batera ekartzea, salbuespen neurriak kentzea. Hein batean, gauza batzuk aurreratu dira, paisaia aldatu da. Estatuak orain arte ukatzen zuena, ofizialki tratatzeko pausoa eman da. Hurbiltzeak izan dira, DPS estatus [Bereziki zainduriko presoa] batzuk kendu dira... Orain, egoera zail batean gara. Elkarrizketak moztuak dira momentuz, erdibidean gara.

Larunbateko manifestazioetan, gaia konpondu beharra dagoela azaleratuko duzue berriro.
Euskal Herriko prozesuan jendartea da motorra, aldebakarreko prozesu honetan jendeak tiratu behar du. Nire ustez, larunbateko manifestazioetan jendea ahalik eta aniztasun zabalenean etortzeak, Madrili eta Parisi esan behar die bide hori elkarrekin egin behar dugula. Bakegintza eraiki egiten dela, ez dela soilik eraikitzen biolentzia gelditzen denean. Hori oso inportantea da, baina gero elkarbizitza eraiki behar dugu. Hor, presoen gaia erdigunean dago, baita biktimena ere. Iragana ahantzi gabe, etorkizuna eraiki behar dugu alde guztien artean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!