Hezkuntza arloko eragileek Euskaraldiari atxikimendua eman diote

Anboto 2018ko aza. 20a, 09:30

Hezkuntza sarean biltzen diren herritarrak aktibatzea helburu izanik Euskaraldiari atxikimendua eman diote hezkutzako eragileek eta atxikipen dokumentua sinatu dute.

Ekitaldi horretan, Euskaraldia antolatzen ari diren erakundeez gain, hainbat hezkuntza eragile elkartu dira; besteak beste, Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzailea, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidentea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Elkargoko Hizkuntza politikarako presidente-ordeak eta hainbat eragileetako ordezkariek (zerrenda oharraren bukaeran).

Euskaraldia abiatu zenetik ekimena zabaldu eta ekarpena egiteko prest agertu dira hezkuntza eragileak. Horrela bada, asko dira herriz-herriko lantaldeetan lanean izan eta Euskaraldiaren sustatzaile bihurtu diren hezkuntza arloko entitateak. Arrate Illarok, Euskaltzaleen Topaguneko kide eta Euskaraldiaren koordinatzaileak, azaldu duen bezala: "Euskaraldia 16 urtetik gorako herritarrei zuzendua dago; erabaki kontzientea da. Baina hezkuntza-sarean ez dira soilik haur eta nerabeak batzen. Horregatik garrantzia handikoa da elkarlanean egiten ari garen lana".

Hezkuntzaren ekarpena

Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, hezkuntzak euskararen erabilera sustatu eta hiztunen aktibazioa bultzatzeko egin dezakeen ekarpena nabarmendu du: "Azken hamarkadetan euskararen arloan izan den gertakizunik aipagarriena euskal hiztunen areagotzea izan da. 1991az geroztik 223.000 hiztun irabazi ditu euskarak, eta hezkuntza sistemaren euskalduntzea funtsezkoa izan da bide horretan. Hezkuntza sistemari esker, euskarak hiztunak irabazten jarraituko du, prozesu hori geldiezina baita. Horrekin batera, uste dugu hezkuntzak ekarpen handia egin dezakeela hiztunak aktibatzeko bidean".

Beñat Arrabitek, Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Elkargoko Hizkuntza politikarako presidente-ordeak, hezkuntza sistemaren lana goraipatu du: "Hemen bilduak diren hezkuntzako eragileek funtsezko lana egiten dute euskara biziberritzeko: euskara transmititzen baitute eta hiztun berriak sortzen baitituzte". Eta transmisioaren bi funtzio azpimarratu nahi izan ditu: "Hizkuntza ikasteko prozesuan beharrezko etapa da, eta identifikazio fenomenoari ihardesten dio. Helduak euskaraz mintzatzeak, batez ere eguneroko bizian, ikaskuntza prozesuan diren haurrei hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko gogoa ematen die. Horregatik inportantea da, gurasoek parte har dezaten Euskaraldian. Euskara ikasten duten haien haurrei erakusteko helduen hizkuntza dela, baliagarria dela eta ez dela bakarrik eskolako mintzaira".

Elena Lakak, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, bere aldetik, hezkuntza komunitatearen eta kalearen arteko lotura nabarmendu ditu: "Ikastetxeek herritar sare zabala batzen dute, eta, era berean, herritar hauek kalean daude. Ikastetxean sortzen den mugimenduak herri osoan izaten du emaitza, Euskaraldiaren aurrekaria izan zen Egiako aktibazio dinamikan ikusi genuen bezala". Era berean, azpimarratu du hezitzaileak eta gurasoak haurren erreferente direla eskola eremutik kanpo ere.

Euskaraldia hastear da: 11 eun euskaraz ariketa soziala da, eta dena prest dago 11 egunez ahobizi eta belarriprest rolei eusteko. Hamaika egunetan zehar, antolatzaileek egunero helaraziko dituzte aholku eta laguntza mezuak, partaideek ariketa eroso egin ahal dezaten.

Era berean, aurreko astean aurkeztutako unitate didaktikoak Euskaraldiaren webgunean eskuragai daudela gogoratu dute antolatzaileek. Eta oraindik ere www.euskaraldia.eus webgunearen bitartez izena emateko aukera dagoela.

Prentsaurrekoan parte hartu duten eragileak:

  • AICE-IZEA lanbide heziketa
  • Biga Bai, Ipar Euskal Herriko eskola publiko elebidunetako guraso elkartea
  • COAS hezkuntza taldea
  • EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea
  • Elizbarrutiko ikastetxeak
  • Euzko Ikastola Batza
  • HEIZE, EAEko Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioa
  • Ikas bi, Ipar Euskal Herriko eskola publiko elebidunetako guraso elkartea
  • Ikasgiltza
  • Ikastolen Elkartea
  • Ikaslan Euskadi
  • Kristau Eskola
  • NIZE, Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoen elkartea
  • Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen Federazioa
  • Sortzen elkartea
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!