"Gazteei ere babesa eskatzen diegu, gugaz mobilizatu daitezela"

Markel Onaindia 2018ko urr. 2a, 11:29

Atzo manifestazioa egin zuten pentsiodunek Bilbon, eta horren atarian, Magdalena Valerio ministroagaz batzartzea lortu zuen ordezkaritza batek. Eguzkiñe Uriondo Basaldua iurretarra izan zen ordezkaritza horretako kide bat. Mobilizaziorako deia berretsi du.

Zer esan zizueten ministroak?
Zintzoa izan zen. Esan zigun KPI erreala igoko dela, baina alarguntasunaren gaiari buruz eta 1.080 euroko pentsio minimoari buruz ez dela konprometituko, ez dela posible ikusten duelako. KPI erreala sinatzen bada, urte amaierako diferentzia bueltatuko dela esan zigun. Baina ez dugu argi ikusten, ze egoera hain txarto badago, 2020an berriro 0,25era bajatzea gerta daiteke. Gure erreibindikazio bat ere ez da bete, eta pentsioen kutxa ez bada hobetzen eskas ibiliko gara. 

Zer proposatu zenioten?
Politika aldatu behar dela, zerga bidez errekuperatu beharko dela. Pentsio publiko duinak behar ditugu. Gazteen soldatak ere igo behar dira, kotizazioak hobetzeko beharrezkoa baita. Gutxienez 1.200 euro jaso beharko lukete, Europar Batasunak dioen eran. Nik zera esan nion: ez badago pentsioak kobratzeko dirudik, zertarako dago AHTa eraikitzen, ez badakigu nora doan ezta zertarako den ere?

Batzarraren ostean, astelehenero mobilizatzen jarraitzeko deia egin duzue.
1985ean borrokaren bidez lortutako gauza asko galdu egin dira eta, horrela jarraituz gero gazteek etorkizun eskasa edukiko dute. Guretzako baino, gazteentzako daude pentsioak dindilizka. Horregatik, gazteei ere babesa eskatzen diegu, gugaz mobilizatu daitezela. 9 hile daramatzagu jada kalean, baina zerbait lortzekotan, mobilizazioekin lortuko dugu.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!