Hizkuntzen Europako Eguna

Badakizu Europan 200 hizkuntza baino gehiago daudela?

Anboto 2018ko ira. 26a, 09:50

Kontinentean 800 milioi pertsona bizi gara eta estatuek Europako beste hizkuntza bat ikastera dei egin diete bai gazteei bai helduei. 

Lur planetan 7.000.000.000 pertsona bizi gara eta 6.000 bat hizkuntzatan komunikatzen gara. Europan hizkuntza kopuru horren % 3a dago gutxi gorabehera, 225 bat hizkuntza. Munduko biztanleen erdiak gutxienez bi hizkuntzatan edo gehiagotan hitz egiteko gai dira. Jakina, hizkuntzak haien artean etengabe harremanetan daude. Pertsonak harremanetan daudelako. Ondorioz, europarrok gero eta hizkuntza gehiagorekin topo egiten dugu, oporrak direla, lana dela… Elebitasunak eta eleaniztasunak harremanetarako aukerak zabaltzen dizkigu, eta ekonomia onurak ere ekar ditzake, lana errazago opatzea, esaterako.

Hizkuntzen Europako Eguna 2001. urtetik ospatzen da irailaren 26an. Europako Kontseiluak eta Europar Batasunak lankidetzan hainbat jarduera antolatzen dira, hiru helburu dituztenak: hizkuntzak ikastea zein garrantzitsua den azpimarratzea eta ikasten diren hizkuntzak dibertsifikatzea, eleaniztasuna eta kulturen arteko komunikazioa sustatzea; Europako hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren aberastasuna sustatzea, babestu eta bultzatu beharreko elementu gisa eta, azkenik, eskolan zein eskolaz kanpo hizkuntzak etengabe ikastea sustatzea, ikasketengatik, trukeengatik, behar profesionalengatik, mugikortasunarengatik edota plazer hutsagatik.

Kontinentean dagoen hizkuntza aniztasuna erakutsi eta aniztasun hori guztiendako zein aberasgarria den adierazteko hainbat ekitaldi eta lehiaketa antolatzen dira urtero. Esaterako, Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarez Igartzak Europako Eskualdeetako Legebiltzarren Asanbladaren Kultur aniztasuna eta linguistika konferentzian parte hartuko du. Eskualdeetako parlamentuetako diagnosia eginen dute eta hura abiapuntu hartuta eskualdeetako parlamentuei eta Europako Batasunari zuzendutako ekintzen eta gomendioen proposamena eginen diete. Hala ere, gaurko ospakizunean edozeinek parte har dezake, esaterako beste kulturetako bizilagunekin harremanetan jarriz. Izan ere, beste hizkuntza batzuk ikastea elkar ulertzeko eta gure arteko kultur desberdintasunak gainditzeko modua da.

Egokiera
Europako hizkuntzen aldeko ospakizunak garai bereziarekin bat egiten du Euskal Herrian. Alde batetik, helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko kanpaina bete-betean gaude. Euskara ikasi edo hobetu nahi dutenek euskaltegietan izena emateko garaiz dabiltza oraindik. Horretarako, eskaintza zabala dago. Nafarroako eskaintzaren berri www.euskaraikasi.nafarroa.eus web orrian kontsultatu daiteke.

Eta, bestetik, Euskaraldian izena emateko epea zabaldu berri da. Euskararen ezagutza gero handiagoa bada ere, erabilera ez da tamainan handitu. Horregatik, administrazioek eta gizarte eragileek bat egin dute eta euskararen erabileran eragiteko ariketa prestatu dute. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte familian, lagunartean, kalean, lantokian, aisialdian… bazter guztietan euskara gehiago erabiltzeko kanpaina da Euskaraldia. Eta pertsona helduak ditu ardatz. Batzuk lehen hitza betik euskaraz esanen dute, Ahobiziek, eta besteek haiei euskaraz hizketatzeko eskatuko dute, Belarriprestek. Horrela, 11 egunez, ariketa Euskararen Nazioarteko Egunean despeditzeko. Baina gaur, lastailak 26, Europako Hizkuntzen Eguna da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!