Hizkuntzen Europako Eguna

Aiaraldeko euskararen historia: I. Artziniega eta Aiaraldeko mendebaldea, euskararen eta gazteleraren arteko muga

Anboto 2018ko ira. 26a, 09:00

Ilustrazioa: Aimar Gutierrez Bidarte

Euskarak Aiaraldean izandako bilakaera historikoari buruzko ikerketa burutu du Aketza Merinok. Artikulu-serie bat atonduko du bildutako informazioarekin. Hau da lehen atala.

Behin baino gehiagotan galdetu didate noiz galdu zen euskara Aiaraldean. Gehienek erantzun soil bat espero dute, data zehatza, besterik ez. Askok frankismoagatik izan behar zela sinesten dute. Baina historiaren kontuak gutxitan dira hain errazak eta gauzak behar bezala azaltzeko erantzun laburrak ez dira nahikoak.

Hurrengo ataletan, Aiaraldeko euskararen historia laburbilduko dugu gaur egun eskuragarri dauzkagun testigantzak baliatuz. Urte honetan Kondaira aldizkarian argitaratu dudan artikulu batean oinarritzen dira atal hauek. Baina hemen datuak era informalagoan aurkeztuko dira irakurmena errazteko.

Lehenengo eta behin esan behar dugu Orozko, Arakaldo eta Arrankudiaga lan honetatik kanpo utziko ditugula. Izan ere, herri horietako dinamika linguistikoak ezberdinak izan ziren eta gaur  arte euskara bizirik mantendu dute, Orozkon batez ere. Beraz, Aiaraldean edo Goi Nerbioi aldean gaur egungo Artziniega, Aiara, Okondo, Laudio eta Amurrioko udal arabarrak sartuko ditugu, bizkaitarra den Urduñarekin batera.

Bigarrenez, soberan dago esatea euskararen desagerpena aipatzen denean hizkuntza hori iraganean erabili izana segurutzat jotzen dela. Bai, garai batean euskaraz mintzatzen zen Aiaraldean: horrela erakusten du eskualdeko toponimiak eta hurrengo ataletan aurkeztuko ditugun testigantzek. Baina... noiztik? Ez dugu eztabaida honetan sartuko baina ezin dugu baztertu gure eskualdeko herri-izen batzuk jatorri indoeuropearra erakusten dutela.

Beraz, noiz galdu zen euskara Aiaraldean? Nolakoa izan zen galtze-prozesua? Inon erregistratzen ez dena azkar gal daiteke: dokumentazio idatzian edo erregistro arkeologikoan arrastorik uzten ez duena jendearen oroimenean baino ez da bizi. Baina oroitzapenak ere jabearekin batera hiltzen dira. Beraz, nola iker dezakegu guztiz desagertuta dagoena eta arrastorik uzten ez duena? Nola ikertu iraganeko egoera linguistikoa? Oso urriak dira gai hau ikertzeko eskuragarri dauzkagun informazio-iturriak. Baina, hala ere, bilatuz gero daturen bat topa dezakegu eta horrekin, informazio gehiagoren faltan, hipotesiak egiteko gai izan gintezke, gure jakingura asetzeko.

XV. mendean, Lope García de Salazarrek Aiara Herriko lehenengo biztanleak euskaldunak eta erdaldunak izan zirela idatzi zuen. F. Barrenengoaren ustez, Santa Koloma, Añes, Soxo edo Erretes Tudela herri erdaldunak izan ziren antzinatik. Iritzi horri eusteko, Salazarrek esandakoaz gain, Barrenengoak herri horietan euskal toponimoak nahiko eskasak direla azpimarratu zuen. Ezin dugu ahaztu Asturiasko erresumaren politika birpopulatzailea horraino heldu zela IX. mendean eta, gainera, logikoa denez, harreman estuak izan dituztela beti Tudela eta Menako lurralde gaztelauekin.

Horrela, printzipioz, Aiaraldeko mendebaldean gaztelania izango zen hizkuntza nagusia gutxienez Erdi Arotik aurrera. Baina euskararen arrastoak ere badira hor, Lexartzu eta Soxoguti herrien izenek adierazten dutenez. Dirudienez, Erdi Aroan euskararen mendebaldeko muga hor egon zen, baina muga hori ez zen inondik ere zehatza izan. Horregatik oraindik aurki ditzakegu euskal toponimoak Artziniega baino mendebalderago: Artieta eta Mendieta herrien izenak, Ygaña ataka, Ulibarri auzoa eta abar. Ziur aski, euskara eta gaztelania luzaroan biziko ziren elkarrekin inguru horietan; nagusi izango zen elebitasuna, baina hizkuntza bateko edo besteko elebakarrak ere egongo ziren.

Hizkuntza-giro horretan, 1682ko azaroan, Artziniegako Ermandadeak romancerik ez zekien prokuradore bat aukeratu zuen Arabako Biltzar Nagusietara joateko. Horren ondorioz, Biltzar Nagusiek gaztelaniarik ez zekiten prokuradorerik ez bidaltzeko agindu zieten Arabako Ermandade guztiei. Xabi Zalbidek azaldu zuen bezala, hautatuaren izena Manuel Mezcorta Santa Coloma zen, Mendieta herriko Los Heros auzoan 1661ean jaioa. Normalean, Ermandadeek aukeratutako prokuradoreak pertsona boteretsuak ziren, norbere komunitatean oso ezagunak eta, ia ziur, eskolara joandakoak; beraz, gaztelania jakingo zuten. Horregatik deritzogu hain deigarria euskaldun elebakarra izatea. Euskaldun elebakarra izendatu bazuten, pentsa daiteke Artziniegan egiten ziren biltzarretan euskara zela hizkuntza bakarra. Bestela, nola aukeratuko zuten euskaldun bat?

Elebakartasun euskalduna ez da Aiaraldeko bazter honetan espero daitekeena. Artziniega hiribildua da, eta hiriguneak beti izan dira erakargarriak inguruko biztanleentzat. Kasu honetan, Artziniega non dagoen kontuan hartuta, Gaztelatik hurbil, populazio horren zati handia erdalduna izango zen, ziur. Gainera, Gasteizen kasua ikusita, badakigu hiriguneetan gaztelania izan zitekeela nagusi, nahiz eta ingurua euskalduna izan. Baina, hala ere, badirudi Artziniega XVII. mendearen amaieran euskalduna zela edo, gutxienez, euskara ezaguna zela eta nahiko hedatua zegoela.

Dena den, Artziniega inguruko eskualdean, biztanleen arteko harremanak estuak ziren: era askotako mugak gainditzen zituzten eta etengabeak izaten ziren mugimenduak, alokairuen eta ezkontza-politikaren arabera. Sarritan aldatzen zuten familiek bizitzeko herria, eta ohikoa zen beste herri batean ezkontzea. Hori kontuan hartuta, ez litzateke egokia izango alde euskalduna eta alde erdalduna zeudela pentsatzea. Agian, uste izan dugun baino hedatuago egongo zen elebitasuna, ez hemen bakarrik baizik eta Aiaraldea osoan, eta herri guztietan biziko ziren elkarrekin bi hizkuntzak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!