Bi urteko ikasleei eskola garraioa eskaintzeko eskatu dio EH Bilduk Hezkuntza Sailari

Jone Guenetxea 2018ko ira. 24a, 15:45

Rebeka Ubera legebiltzarkidearekin batera, Izurtzako, Mañariko eta Elorrioko alkateak izan dira agerraldian. EH Bilduk dioenez, Hezkuntza Sailak sare publikoko bi urteko ikasleei garraio zerbitzua kendu die ikasturte honetan, baina “erabaki horrekin sekulako arazoak sortu dizkie hiriguneetatik kanpo eta baserrietan bizi diren familiei”.

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, arazoa "bereziki larria" da herrietan, eta hala ohartarazi dute, Uberarekin batera, Lorea Muñoz Izurtzako alkateak, Endika Jaio Mañarikoak eta Idoia Buruaga Elorriokoak.

Buruagak azaldu duenez, alkateak familia eta ikastetxeetako zuzendariekin jarri dira  harremanetan, udalaren babes eta laguntza eskaintzeko, garraio zerbitzua bat-batean kentzeak "kalte handia" egin dielako familiei, "izugarri" zailtzen duelako familia kontziliazioa edota emakumeen lan aukera. Durangaldeko alkateek Hezkuntza Sailera jo dute egoera elkarrekin aztertzeko eta garraio zerbitzua mantendu dezala eskatzeko.

EH Bilduk horixe eskatuko dio Jaurlaritzari Legebiltzarrean zein udaletxeetan. Lehenik eta behin, 2 urteko ikasleei ere garraio zerbitzua eskaintzen segi dezala, eta bigarrenik, eskola garraioa arautzen duen dekretua berraztertu eta alda dezala behar diren neurriak aplikatzeko. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!