Ttapen bultzatzaileek diotenez, proiektuaren estreinako aleak uste baino harrera hobea izan du. "Euskarazko hedabide bat ez da egunero sailkapen horretan izaten, eta, beraz, baditugu pozik egoteko arrazoiak, zalantzarik barik", azaldu du Jone Guenetxea Ttapeko presidenteak.
ANBOTO, Goiena (Debagoiena), Baleike (Zumaia), Tokikom (tokiko hedabideen bateragunea) eta Esguard (Katalunia) dira egitasmo berritzaile honen sortzaileak. "Euskarazko kalitatezko edukiak mugikorretan eta tabletetan kontsumitu ahal izatea da helburua. Trenean, autobusean, etxean zein paseatzen", gaineratu du Guenetxeak.
Bizkaiko aurkezpena
Ttapen aurkezpena egingo dute gaur, Bilboko Euskalduna jauregian Eneko Atxa sukaldari zornotzarrak duen jatetxean. Kike Amonarrizek zuzenduko du ekitaldia. Eneko Atxa izango da, hain zuzen, Ttapen lehen aleko protagonistetako bat. Jone Guenetxea ANBOTOko zuzendariak sukaldari zornotzarra elkarrizketatuko du. Bestalde, Sara Gandara kazetariak Maialen Chourraut kirolaria elkarrizketatuko du. Hau guztia, irailaren 21etik aurrera izango da ikusgai.