Aurtengo eskolara buelta iaz baino %3 karuagoa izango dela aurreikusi du Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak (EKA), inkestetan oinarrituta. Ikasle bakoitzaren buelta, gutxi gorabehera, 920 euro kostako zaie eskola publikoetan; 1.680 euro kontzertatuetan eta 3.670 euro pribatuetan. Ikasturteko inbertsioaren %35 egin ohi da irailean, batez ere liburu eta abarrei dagokiena. Lehen Hezkuntzan 350 euro, Bigarren Hezkuntzan 480 euro, eta Batxilergoan 515 euro.
Zenbait aholku
EKA erakundetik zenbait aholku zabaldu dituzte. Gogoratu dute administrazioek bekak edo laguntzak eskaintzen dituztela ikasleen hainbat gasturi aurre egiteko, eta horietaz informatzeko gomendioa eman dute. Prezio-kalitate harremanari erreparatzea eta marka ospetsuen erakargarritasuna saihestea aholkatu dute; baita herri eta auzoetako dendetan ibiltzea ere. Gastuak ikasturtean zehar banatzea komeni dela diote, eta liburuak erosteko zailtasunak edukiz gero, truke-programetan parte hartzea.