Gazteen enpresen ideia lehiaketan 1.000 euroko saria emango dute

Markel Onaindia 2018ko uzt. 21a, 10:00

Aldundiak eta eskualdeko udalek sustatzen duten Gaztedi Durangaldea planaren barruan enpresak sortzeko ideia lehiaketa egingo dute. Gainera, enpresetan esperientzia hartzeko bekak ere eskainiko dizkiete 18 eta 29 urte arteko gazteei. Guztira 107.000 euroko aurrekontua du planak; 64.000 Aldundiak ipiniko ditu eta gainerakoa udalek.

Ideien lehiaketa urriaren 1era arte egongo da zabalik. Ideia onena duenari 1.000 euroko saria emango diote, eta beste lauri 500 eurokoa. Iaz, esaterako, hamabi ideia aurkeztu ziren planean.

Bekei dagokienez, bost hilabeteko lan esperientzia izango da, %75eko lanaldian, eta 460 euro kobratzen. Ikasi duten arloan esperientzirik ez duten gazteek izango dute parte hartzeko aukera.

Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria, Zaldibar eta Zornotzako alkateek parte hartu dute prentsaurrekoan. Pilar Rios Durangoko enplegu zinegotziak azaldu du proiektua. Informazio gehiago gura dutenek gaztedidurangaldea.eus atarira jo dezakete.

"Azken aukera"
EAJ eta EH Bilduko alkateak egon dira aurkezpenean, baina EH Bildu kritiko azaldu da ostean. Gaztedi Planari "azken aukera" emango diotela esan dute. Diotenez, "balorazio ezkorra" egiten dute planaren orain arteko ibilbideaz. "Txarto hasi zen, adostasunik bilatzeko inongo asmo barik eta eskualdeko errealitatea zein zen kontuan hartu barik". EAJ izan dute kritiken jomugan. "Amankomunazgoa kudeaketatik kanpo utzi zen, eta Durangoko Udalari eman zitzaion koordinazioaren ardura, interes partidistengatik". EH Bilduk azaldu du, hala ere, "gazteen egoera hobetzeko borondateari jarraiki", hitzarmena hobetzeko proposamenak egin zituela. Baina, bi bakarrik onartu ziren, ikasleentzako gutxieneko diru kopurua eta beken ikuskaritza egitea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!