Euskaraldiaren olatua Euskal Herri osora hedatzen ari da. Dagoeneko 300 herrik izena eman dute ekimenean. Durangaldean ere, herririk herri hainbat batzorde sortu dira hizkuntza ohituretan eragin guran. Euskaraldia Durangaldean ezagutzera emateko, hainbat herritako batzordeetako kideek, norbanakoek, eragileek zein politikariek aurkezpen bateratua egin dute, gaur, Ezkurdin.
Aurkezpenean azaldu dutenez, ahoak eta belarriak aktibatzea da Euskaraldian egingo duten proposamena. "2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hamaika egunez, ahobizi eta belarriprest rolak hartuko ditugu Euskal Herri osoan. Rol horiek irudikatzeko txapak jantziko ditugu soinean, eta, horrela, erraz jakingo dugu bakoitzak zer konpromiso hartu duen".
Egun horietan bi rol izango dira protagonistak. Ahobiziak, euskaraz ulertzen duten guztiei euskaraz berba egiteko konpromisoa hartuko dutenak izango dira, eta ezezagunei lehen hitza euskaraz egingo diete. Belarriprestak berriz, gutxienez euskaraz ulertzen duten pertsonak izango dira, eta, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena egingo diete. "Agian ez dute beti euskaraz erantzuteko gaitasunik izango, erdaraz ere erantzun ahalko dute, baina ahobiziei euren rola betetzen lagunduko diete", .
Eusko Jaurlaritzaren eta Topagunearen bultzadaz sortutako proiektuak instituzioen eta herritarren arteko elkarlana sustatu gura du. 2015ean Donostiako Egia auzoan, Agurainen, Lasarte-Orian eta beste herri batzuetan jarritako erronkak ditu abiapuntu. Durangoko aurkezpenean azaldu dutenez, erronkak iraun artean 20 puntuz igo zen euskararen erabilera.