Zornotzan egindako ekitaldian, protagonismo berezia hartu dute emakumeek, gazteek eta pentsiodunek. Gogoratu dute horiek direla prekarietatea jasaten duten kolektibo nagusiak. Hartara, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren plataformak landutako manifestua irakurri dute Zelaieta parkean egindako ekitaldian. Gasteiz eta Donibane Garaziko azken erahilketak gogoratu dituzte eta 2016ko San Ferminetako talde bortxaketaren epaia ere bai. Emakume langileek emakume izateagatik jasandako "egiturazko indarkeria" gogoratu dute Maiatzaren 1ean, gaurkoa, emakume langileen borroka eguna ere badela azpimarratuz.
LAB sindikatutik nabarmendu dutenez, "enplegu duina behar da bizi duin bat eta pentsio duin bat bermatzeko", eta, "garai berri bati aurre egiteko prest" daudela gaineratu dute. Azaldu dutenez, "politikan eragin gura dugu eta eragingo dugu. Pentsiodunak, emakumeak, gazteak... hor dago borrokaren giltza". Erronka bikoitza du LABek, aurten. "Eraldaketa sozialerako grina gauzatzeko mobilizazio soziala indartu" gura du, batetik, eta aldaketa hori burujabetza prozesuagaz lotzea, bestetik. Lan istripuak, laneko gaixotasunak eta prebentzio falta salatzen jarraituko dutela ere gogoratu dute, "langileen osasuna eta bizia erdian jartzeko ordua heldu delako".