Beste giza kate erraldoi baterako martxan dago Gure Esku Dago

Markel Onaindia 2018ko mar. 19a, 17:00

Ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituzte mobilizazio bategaz

2014ko ekainaren 10ean Durangotik Iruñera egindako giza katea milaka herritarren memorian geratu da. Mobilizazio gaitasun handia erakutsi zuten erabakitzeko eskubidearen aldekoek, eta, gainera, hori jai-giroan eraman zuten aurrera. Alaitasuna eta parte hartzeko gogoa nabari ziren bide bazterretan. Bada, aurten ere beste giza kate erraldoi bat antolatzeko martxan dago Gure Esku Dago; ekainaren 10ean izango da berriro, eta Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu. Tartean, Durangaldeko herri hauetatik pasatuko da: Mallabia, Zaldibar, Berriz, Abadiño, Durango, Iurreta eta Zornotza. Eman eskua etorkizunari izango da ekimenaren lema nagusia. “Euskal Herriko historian egon den mobilizaziorik handiena” bihurtzeko erronka bota dute Gure Esku Dagokoek.

Hiru hilabete falta dira mobilizazioaren egunerako, eta herririk herri hasi dira giza katearen berri ematen. Gure Esku Dago dinamikako kideen arabera, 100.000 lagunetik gora beharko dira Donostiatik Gasteizerako katea osatzeko, eta, horregatik, izena emateko aukera zabalduko dute datozen egunetan. Herrietan hasiko dira inskripzioak batzen, eta www.gureeskudago.eus webgunean ere egin ahalko da.

Oiarbideren bira
Durangon, herri batzarra antolatu dute martxoaren 20rako; Artekaleko lokalean izango da, 19:00etan. Gure Esku Dagoren bozeramaile Angel Oiarbide berbaldi bira egiten ari da. Eguaztenean Elorrion egon zen; barikuan, Zornotza Aretoan; hilaren 21ean, ostera, Abadiñoko Txanporta kultur etxera joango da Herritarron Itunari buruz azalpenak ematera.

Bestalde, Abadiñon tailer parte-hartzaileak garatuko dituzte hilaren 22an, 19:00etan, Errota kultur etxean. Herritarron Ituna osatzeko arrazoiak batzea izango da zeregina, ekintzaren arduradunek azaldu dutenez.

Berbaldiak Elorrion
Elorrion berbaldi sorta prestatu dute. Hurengoa apirilaren 18an izango da, Javier Urizar ekonomialariaren eskutik. Apirilaren 25erako eta maiatzaren 2rako ere iragarri dituzte hitzaldiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!