EH Bilduren izenean Endika Jaio Mañariko alkatea egon da. Jantokiak "gune ekologiko, osasuntsu eta hezitzaile bilakatzeko lanean" ari direla azaldu du. "Gure helburua jantoki eredua eraldatzea da, jantokitik jangelara salto eginez, beti ere ikastetxe bakoitzak bere ereduaren gainean duen erabakitzeko eskubidea eta autonomia oinarri izanda".
Berrizko alkate Orlan Isoirdek parte hartu du EAJren aldetik. Proiektuagaz bat egiten dutela esan du, eta udalek eskumenik ez dutenez gai honetan, Eusko Jaurlaritzagaz harremana beharko dela nabarmendu du. Urkiola Landa Garapena ere horretarako tresna izan ahal dela dio. "Gure ustez Urkiola Landa Garapena izan beharko litzateke gaiaren motorea, udalak bertan gaude eta. Bestalde, sektorearen inguruko hausnarketa bat ere behar da, ikusteko ea gai garen beharrak asebetetzeko".
Herriaren Eskubideko Patxi Lakunzak adierazi du dinamika "interesgarria" iruditzen zaiela, eta euren eskariekin bat datozela. PSE-EEtik Fernando Castillo hurreratu da prentsaurrekora; proposatzen den eredua lehen sektorea bultzatzeko modu bat dela azpimarratu du. Bestalde, PPko Fran Garatek ezin izan duela egon argitu dute antolatzaileek, baina alderdiaren babesa dutela.
Jaurlaritzara
Abenduan eskola jantokien inguruko mahai berezi bat sortu zen Eusko Legebiltzarrean, ekainera arte gaia aztertzen egongo dena. Bada, Berton Bertokoako kideen asmoa mahai horretan euren iritzia plazaratu ahal izatea da. Izan ere, ikastetxeek autonomia eduki ahal izateko, erkidego mailako legea aldatu beharko litzateke.