Mapuzugun, normalizaziorako biderantz

Aste bete igaro da gure Maider Kurarreweko Barnetegitik Euskal Herrira heldu zela; une aproposa izan dugu, beraz, han bizi izandakoaz patxadaz galdetzeko. Hona hemen Maider Leibarrek kontatutakoak.

 

  • Ea, Maider, bukatu da Barnetegia, eta hainbeste gauza jakin nahi genuke, baina, lehenengo eta behin, koka gaitezen: zer dela-eta  Kurarrewera? Zein izan da zure papera han?

Garabide elkarteak herrialde desberdinetan hizkuntza gutxituekin elkarlanean ari den erakunde bat da. Urrian hizkuntza gutxitu batzuetako kideak izan zituzten Euskal Herrian lidergoari buruzko ikastaro bat egiten. Bertan, Mapuzuguletuaiñ Elkarteko Paula izan zen, eta hark Barnetegia ezagutzeko aukera izan zuen. Orduan, Wallmapun egingo zuten barnetegiari begira interesgarria iruditu zitzaion laguntza eskatzea. Gure helburua han, Kurrarawen, beraz, barnetegian behatzaile lana egitea izan da; horrela, ikastaro amaieran, bukaerako diagnosi bat egin behar izan dugu hango lana hobetzeko proposamenekin.

  • Zein da barnetegiko partaideen helburua?

Haien helburua hizkuntza biziberritzea da, eta edozein egoeratan mapuzugenez hitz egiteko eta komunikatzeko aukera izatea. Gehienek aipatzen dute haien aiton-amonen batek mapuzugunez hitz egiten zuela, baina jasandako errepresioaren ondorioz hitz egiteari utzi ziotela. Orain identitatea bilatze horretan-edo, hizkuntza biziberritzea ezinbestekoa dela uste dute, kultura bera mantentzeko eta mapuche-identitatea indartzeko. Hala ere, guztiak ez dira mapuche jatorri duten ikasleak, nahiz eta gehienak izan. Eta hizkuntza hedatu edo ireki egin behar dela ere uste dute, edozeinek hitz egin dezan.

  • Helburura horretarako bidean, zeintzuk dira puntu indartsuak? Eta ahulak?

Hango punturik indartsuenak, zalantzarik gabe, bertara hurbiltzen diren chilkatufe-ak (ikasleak) eta kimelfe-ak (irakasleak) dira. Oraingo barnetegian 80 ikasle zeuden, eta bakoitza eremu desberdinetik etorritakoa, baina denak mapuzugunez hitz egitea eta komunikatzea helburu. Azken finean, jasandako errepresioak batzen ditu eta argi daukate haiek hizkuntza alde batera utziz gero identitatea ere galtzeko zorian egongo liratekeela. Bestalde, irakasleen lana ere azpimarratzekoa da, laguntza ekonomikoak oso urriak baitira, eta hala ere, ekimen hau martxan jartzeko izugarrizko indarra dute. Beraz, motibazioak aurrera begiratzera bultzatzen ditu.

Dena den, ikasle bakoitza eremu desberdinetakoa izateak urteko jarraipena eragozten du. Hori dela eta, barnetegiotan elkartzen diren askok udako ekintza hauetan soilik parte hartu dezakete haien jatorrizko herrian ez dutelako ikasten jarraitzeko beste aukerarik.

  • Kuriositatez, zelan ikusten dute eurek euskaldunok normalizaziorantz egindako bidea?

Maitederrek eta biok hitzaldi bana prestatu genuen bakoitzaren lana zein den adierazteko eta gero, Euskal Herrian egindako normalizazio planaren gaineko bideo bat konpartitzeko aukera izan genuen. Haientzat erabat motibagarria izan zen prozesua ikustea eta egindako ahaleginek fruituak emango dituela irudikatzeko aukera eman zien. Beraz, argi daukate etorkizun hurbilerako lana ez bada ere, egindakoak bere fruituak emango dituela.

  • Ea! Kontatu bizi izandako bitxikeriaren bat, ezta?

Maitederrrek eta biok, lehengo astean, ikasle-rola izan genuen. Barnetegiko ikasleek ikaskideak ginela uste zuten, haiek egiten zutena egiten genuen: jantokia garbitu, gozari, bazkari eta afariko plater eta edalontziak garbitu… Horrela, ikasleekiko hartu emana sendotu eta hurbilagotik jarraitu ahal izan genuen prozesua. Gure hitzaldia entzun ondoren, ordea, harrituta gelditu ziren; izan ere, ezin izaten genuen egunero haien erritmo bera jarraitu eta askotan irakasle-gelan egoten ginen haiekin egunean egindakoaren hausnarketa egiten, eta hori ikasleek ez zuten ulertzen. Orduan, haien artean hasi ziren gure gaineko komentarioak egiten: ez dira egunero gelan egoten, irakasleen pribilegioak dituzte… azkenean, hitzaldia eman genuenean, gure rola ulertu zuten arte. Eta nahiko barregarria iruditu zitzaien.

  • Bukatu orduko, zer ikasi behar dute gugandik, zure ustez?

Hizkuntza-irakaskuntzari dagokionez, kontua da oraintsu arte arlo gramatikoa soilik irakasten zutela eta Euskal Herrian egon ondoren, gaitasun-komunikatiboen garrantziaz jabetu direla. Ordea, aldaketa prozesu hori egitea zaila da haientzat, oraindik, hizkuntza normalizazio bidea egiteke baitago; hots, ez dute mapuzugun bateratu bat, ez dute unitate-didaktikorik, ez curriculum-ik. Bai, ordea, ilusioa eta lan egiteko gogoa. 

Balorazioan bertan aipatu diedanez, oso garrantzitsua da, nahiz eta aurreko puntuak zehaztu gabe izan, planifikazio on bat eta eraginkor bat izatea. Haien ikasleak Txileko edozein tokitakoak dira, eta ez dute baliabiderik urte osoko jarraipena egiteko; honenbestez, barnetegiari zukua atera behar diote. Hori diodanean, zera esan nahi dut, ezin dutela denborarik galdu gela batetik bestera joaten, ordutegiak errespetatu behar direla... Kultura ere desberdina da haiena eta gurea, eta horrek eragiten du, lasaiagoak dira... Ordea, horrelako egoera batean, uste dut, ezinbestekoa dela denboraren aprobetxamenduaz jabetzea.

  • Eta geuk ere, izango dugu eurengandik zer ikasi, ezta?

Begiratu! Irakasleen arteko lankidetzak harritu ninduen; bi irakasle egoten da ikasgela bakoitzean momentu oro. Batak zalantzak baditu, besteari egiten dio kontsulta eta alderantziz; lankidetza hori oso aberasgarria iruditu zitzaidan, baina hemen ez dakit nik egiteko prest egongo ginatekeen, ezta? Norbanakoagoak gara, zoritzarrez.

  • Mila esker zure denboragatik eta zure esperientzia partekatzeagatik, Maider! Zalantza barik, zure berbek jakin-mina pizten dute herri maputxearekiko!  

Osorik irakurri

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!