Hazkunde hori ez da bakarrik bisita kopuruan nabaritu. Izan ere, irakurle kopuruak ere gora egin du, eta baita www.anboto.org maiztasunez erabiltzen duten irakurle fidelen kopuruak ere. 2016an bisitari fidelak %65,5 izan ziren, eta 2017an, ostera, bisitarien %69,4.
Bestalde, sare sozialen bitartez Anbotoren jarraitzaile direnak ere gero eta gehiago dira: 2017 hasieran Facebooken 2.251 jarraitzaile zituen ANBOTOko orriak, eta urte amaieran 3.108 jarraitzaile, hain zuzen. Twitterren, @anboto kontua dauka hedabideak, eta bertan 2.721 jarraitzailek Durangaldeko aktualitateari jarraitzen diote.
Horrez gain, 2017an @anbotokomunikabideak kontua sortu genuen Instagramen, etorkizuneko irakurleengana iristeko asmoz.
Edukiei dagokienez, webguneak eta sare sozialek eskaintzen duten berehalakotasuna aprobetxatuz, ANBOTOko lantaldeak ahalegin berezia egiten du irakurleei unean uneko informazioa emateko eta baita gai batzuen inguruko zuzeneko jarraipena egiteko ere. 2017an horren adibide izan ziren Korrika eta Gure Esku Dago dinamikak antolatutako herri galdeketetan egindako jarraipenak. Informazioa jaso ahala, zuzeneko kontaketa egiten jardun zuten ANBOTOko kazetariek.
Irakurleak, informatzaile
Bestalde, ANBOTOk Instagram, Telegram eta Whatsapp zerbitzuak jarri zituen martxan irailean, irakurleek eskualdeko azken berriak mugikorrean zein tabletean jaso ditzaten. Horrez gain, bide berri hauei esker, irakurleek informatzaile bihurtzeko aukera ere badaukate. ANBOTOko berriak telegram zerbitzuaren bitartez jasotzeko, bilatzailearen bidez ANBOTO kontuan sartu eta ‘hasi’ botoian klik eginda, azken berriak mugikorrean jaso ditzakete irakurleek. Whatsapp zerbitzuaren bidez berriak jasotzeko, berriz, 688 635 041 telefono zenbakira ‘ALTA’ mezua bidali behar da.