Materia organikoa batzeko dinamikari bultzada eman gura dio Amankomunazgoak 2018an

Anboto 2017ko abe. 22a, 14:15

Herritarrak dinamikara batzea izango da helburu nagusia, ikastetxeetan gaia lantzeaz gainera. Organikoarena da 2018rako aurreikusitako ildoetako bat, EH Bilduren eta Herriaren Eskubidearen gobernuaren proposamenean jasoa. Atzo iluntzean izan zen bilkura, eta EAJk eta AIk aurka bozkatu zuten.

Aitor Lopez presidenteak dio organikoa batuta bilketa selektiboa indartzen dela, eta eskualdeari on egiten diola gainera. Horregatik, On egin izeneko kanpaina ipini dute martxan, eta 94 623 25 22 telefonora deituta edo al21.mdurango@bizkaia.org helbidera idatzita apuntatu ahal da. Zerbitzua hobetu ahal izateko, zaborra batzeko kamioi bi erosiko dituzte. Bestalde, Gipuzkoan eta Lea Artibain bezala, gai organikoen kopurua handitzea eskatu dio Lopezek Aldundiari. Modu horretan, jende gehiago apuntatu eta materia gehiago birziklatu ahalko dela uste du. Uneotan Durangaldeko 5.000 lagunek dihardute organikoa sailkatzen, eta 2017an 100.000 kilo materia batu dira. 

Bestalde, "gizarte ongizatea helburu duen aurrekontu proposamena" da. Gizarte larrialdietarako 150.000 euro gehiago ipintzea, gaueko harrera zerbitzua urte osora hedatzea, etxez etxeko laguntza zerbitzua garatzea eta enplegu programak sustatzea jarri ditu adibide, besteak beste.

Gestioari kritika
Oposizioak aurka bozkatu zuen bilkuran. EAJko Joseba Mujikak "negoziatzeko gaitasun eza" leporatu zion gobernuari. Gainera, gestioa ere ez dela ona uste du. "Aurrekontuan ez dago proposamen esanguratsurik, ezta gestio txarra aldatzeko ezer ere". Eskualdeko berdintasun saila sortzea, Amankomunazgoko estatutuak aldatzen hastea, eta Lehiakortasun Poloa eta Behargintza gehiago sustatzea eskatu zuen Mujikak, besteak beste. Goiztidi Diaz jeltzaleak, bere aldetik, Durangoko udalean aurrekontua partaidetza barik landu izana kritikatu ostean Amankomunazgoan gauza bera egitea leporatu zien EH Bildu eta Herriaren Eskubideari.

David Cobosek erantzun zien gobernuaren izenean. Bere arabera, aurrekontuari ekarpenak egiteko "aukera asko" egon dira. Horrez gainera, EAJri zehaztasun falta egotzi zion. "Oposizioan zaudetenean, ez dakizue proposamenik egiten". Bestalde, EAJk aipatutako proiektuen inguruan hausnartzeko prest daudela esan zuen Cobosek. Partaidetzari dagokionez, Lopezen uste "ez da gauza bera" udal baten eta mankomunitate baten aurrekontua. Hala ere, parte hartzeko bideak zabaltzeko aukera ez du baztertu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!