Euskaraldirako aldia

Erabiltzailearen aurpegia Zornotzako Barnetegia 2017ko abe. 22a, 13:01

Euskaraz dakizu? Euskara ulertzen duzu? Orduan, zein da arazoa? Ohitura falta? Hori baino ez? Konponbide erraza dauka horrek! Are errazagoa, Euskaraldiari esker.

Euskal Herrian, pentsatzen dugun baino jende gehiagok daki euskaraz; eta ez dakitenen artean ere, askok eta askok ulertu egiten dute. Zer esan nahi duen horrek? Harreman euskaldunak sortzeko testuinguruak izan baditugula. Baina, jakina, alde batetik, norberak identifikatu behar ditu horiek; eta, bestetik,  norbera ahalegindu behar da hizkuntza-ohiturak aldatzen. Horixe da modua geure buruari erakusteko euskarazko komunikazioa geurean ere posible dela. Eta Euskaraldiak horretarako bidea eman nahi digu.

Hauxe da, hain zuzen ere, proposamena: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egin dezagun euskaraz hitz egiten edota ulertzen dugunon artean. Eta 11 egun nahiko izango da? Ez, gero! Baina 11 egunek beste 11 dakar, eta horixe da kontua!

Ikus dezagun zeintzuk diren parte hartzeko moduak! Euskaraz jakinez gero, Ahobizi izango da gure rola: ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren; eta ezezagunei lehenengo hitza euskaraz botako diet. Ulertu baino ez badut egiten, ordea, Belarriprest rola hartuko dugu: egidazu euskaraz, ulertzen dut-eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut. Jarrera horiekin, baietz uste baino aukera gehiago topatu familian, lagunartean, lanean, eskolan zein dendetan.

Aproposa iruditu zaigu, bukatzeko, Kike Amonarrizek argitaratutako txio bat:#Euskaraldia-ren aurkezpeneko argazkiak paradigma aldaketa baten hasiera irudikatu behar du. Denoi dagokigu aukera historiko hau bultzatzea” Beraz, anima zaitezte! Enteratu zuon herrian zelan antolatuko diren! Bultzatu zure enpresa edota ikasketa-zentroa parte hartzera! Proposatu kide zaren elkarte horretan! Oraingoan, ez dago aitzakiarik!

Osorik irakurri

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!