Eskola publiko gehienak, ateak itxita

Markel Onaindia 2017ko abe. 12a, 11:11

Hezkuntza publikoan greba egun bateratua dute gaur irakasleek, sukaldariek, garbitzaileek, hezitzaileek eta haur eskoletako beharginek. Horregatik, ikastetxe gehienetan grebak %100eko jarraipena duela esan dute mobilizatzen ari direnek. Guraso ugarik ere babesa agertu diote protestari, eta euren inplikazioa eskertu dute langileek. 

Gaurkoaren aurretik, lau greba egun izan dituzte azaroan zehar, sektoreka banatuta. Horrez gainera, elkarretaratzeak egin izan dituzte, eta gaur ere irudi hori ikusi ahal izan da Durangoko Fray Juan Zumarraga institutuan. 

"Egungo hezkuntza publikoaren egoera larria da, eta buelta emateko, oinarri-oinarrizko neurriak eskatzen ditugu", esplikatu dute beharginek. Adibidez, irakasleen ratioak %10 murriztea, ordezkapenak lehen egunetik gauzatzea, lan-taldeen behin-behinekotasuna txikitzea eta hezkuntza arloko inbertsioa handitzea -Europar Batasuneko batazbestekora heltzeko- dira euren eskakizunetako batzuk.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!