Maeztu: "Argi geneukan egun hau heldu behar zela"

Markel Onaindia 2017ko abe. 4a, 17:39

Aralar alderdiak desegitea erabaki du asteburu honetan ospatutako biltzarrean, eta erabaki historiko horren parte izan dira Durangaldeko zenbait militante ere. Ziklo berri baterako pausoa emango dute, orain arte ere euren koalizio izan den EH Bildun militante lez lan egiten.

"Nahiz eta askotan iruditu alderdi baten desagerpena traumatikoa izan behar dela, gure kasuan argi geneukan egun hau heldu behar zela". Dani Maezturen berbak dira, Aralar alderdiko zuzendaritzakide izan dena, eta Durangoko militante ere bai. Maezturen esanetan, Aralarren hasierako helburua "bide politikoak soilik erabiliz ezker soberanistan eragitea zen, ez sigla batzuk hegemoniko bihurtzea". Horregatik, behin Euskal Herriko ziklo politikoa aldatuta, alderdi lez desegin eta EH Bildu barneko militante lez jardungo dute lanean. "Gaur egun, Euskal Herria Bildu da ildo horiek egokien jasotzen dituen koalizioa".

Maeztuk onartzen du 16 urteko ibilbidean gorabeherak eduki dituztela, baina gaur egun pozik daudela, "hasierako helburuagaz fideltasuna" mantendu dutelako. Biltzarrean 200 lagunek parte hartu dute, eta %91k bat egin du erabaki proposamenagaz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!