“Zerbait mugitzen bada, esperantza txiki bat da, eta hori asko da guretzat”

Markel Onaindia 2017ko aza. 24a, 14:45

“Gu ere haiekin bat, zigorpean gaude”, zioen Anje Duhalderen abesti ezagunak. Sentsazio hori dute Bego Retak, Amaia Etxenagusiak, Maite Arginzonizek eta Maria Angeles Onaindiak, Durangoko eta Elorrioko lau presoren senideek.

Izan ere, karga emozionalaz aparte, astero ehunka kilometro egitera behartuta daude euren neba, semea, loba eta alaba ikusteko. Memorian gordeta dute ezagututako kartzelen zerrenda luzea: Aranjuez, Paris, Alacant, Huelva, Fresnes, Picasent... Eurei babesa ematen dien elkarteak, Etxeratek, kanpaina berri bat jarri du martxan, eta hori bultzatzera datoz. Presoen asistentzia juridikoa eta medikua bere gain hartu ditu elkarteak; bada, hori finantzatzeko, herritarren laguntza eskatu dute. “Jendea animatu gura dugu Etxerat Lagun egin dadin, gastu guztiei aurre egin ahal izateko”, esplikatu du Arginzonizek. Presoen medikuak, psikologoak edo bestelako espezialistak ordaintzeko beharrizana dute, eta abokatuak ere bai. Datozen hileetan Euskal Herrira ekartzeko eskaerak tramitatuko dituzte, eta gestio hori finantzatzeko beharra du Etxeratek, besteak beste.

Frantziako mahaia
Frantzian, presoen eskubideen aldeko eragileek eta gobernuak negoziazio mahai bat eratu dute, konponbidean pausoak emateko asmoz. ETAk 2011n amaitu zuen borroka armatua, eta ordutik mugimendu gutxi egon da presoen arloan. “Gobernuak ez digu familiarrei kasurik egiten”, dio Etxenagusiak. Horregatik, Frantziako mahaiak argi izpi bat ekarri dezake. “Gutxi izanda ere, zerbait mugitzen bada, esperantza txiki bat da, eta hori guretzat asko da”, azaldu du Onaindiak. Alaba Aitziber Picasenten (Valentzia) dago uneotan, Etxenagusiaren seme Asierregaz batera –650 bat kilometrora–. Guraso izan berri dira, eta ume txikiak haize berri bat ekarri du familiara. 13 urte eta 5 hile daramatzate kartzelan, eta beste urte 2 eta erdira irtengo dira hirurak.

Manifestazioa Elorrion
Arginzonizek eta sendiak 10 urte pasa daramatzate Aritz lobaren destinuetara begiratzen. Huelva izan da azkenaldian, eta Fresnes da orain. Berez, otsailean beteko du zigor osoa, baina Frantziara eraman dute, han epaitu gura dutelako. Salatu dutenez, lehen aldia da irtetear den preso bat estraditatzeko eskaera egiten dutena. “Otsailean kalean geneukan eta...”, dio penatuta Maitek, eta gogoratu du, espainiar legeak betez gero kalean egon beharko lukeela jadanik. “Legea beteko balute, gauza asko konponduko lirateke. Bakoitza bere etxetik kartzela hurbilenean egongo litzateke, preso gaixoak kalean, erbesteratuak beste egoera batean...”.

Domeka honetan manifestazioa egingo dute Elorrion, Aritz Arginzoniz sustarretatik atara barik! dinamikaren baitan, 13:00etan. Gobernuen azken erabakia “mendekua” dela uste dute. Senideek ez dute oraindik Aritz Frantzian bisitatzeko baimenik –900 kilometrora dago–.

Bego Retaren neba Iñakik hainbat kartzelaldi bizi izan ditu 80ko hamarkadatik hona. 2015ean atxilotu zuten azkenekoz, eta uneotan Fleuryn dago, Frantzian.Oraindik ez dute epaitu ere egin. “Orain geu ari gara kondena hori betetzen, ehunka kilometrora joan behar izana. Baina gure babesa eta maitasuna behar dituzte eta segituko dugu”, esan du arrebak.

Etxeratek adierazi du uneotan 310 preso daudela kartzelan, eta kopurua beheraka badoa ere, “beharrizanak ugaltzen” ari direla. Gainera, hainbatek gaixotasun larriak dituzte, Gorka Fraile durangarrak eta Ibon Iparragirre ondarrutarrak kasu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!