“Euskara ikasten ahalegintzeak integrazioan laguntzen du”

Markel Onaindia 2017ko aza. 24a, 09:24

Argazkia: Lehior Elorriaga

Etorkizuneko mediku euskalduna izango da. 24 urteko neska honek duen meritua ikaragarria da. Gaztelaniaz ikastera eta bizitzera bideratu zuten txikitan Alina Ahtamon, eta egun batean euskararako jauzia egiteko erabakia hartu zuen, bere kabuz. 11 urtegaz etorri zen Errumaniatik familiagaz, jatorriz eta sentimenduz errusiarra izan arren. Bere nortasun agiri errumaniarrak dioena ez du sentitzen, “seguruenik zuri gertatzen zaizun moduan”, diotso kazetariari.

Euskal Herrira etorri zinenean, gaztelaniaz ikastera bultzatu zintuzten. Egin duzun bidearen kontrakoa, hain zuzen.
Hasiera ez zen erraza izan. Lehen urtea Lemoan egin genuen, eta eskolan D eredua soilik zegoen. Ez nuen euskara ezagutu ere egiten. Eskolan bertan esan ziguten igual hasteko hobeto izango zela B eredura pasatzea, eta, horregatik, Galdakaora joan ginen. Baina han ere gauza bera: A eredua hobe zela niretzat. Basaurin zegoen, eta hara joan nintzen azkenean. Gero, Durangora etorri eta institutuan B eredua hautatu nuen, baina hainbat ikasgai euskaraz ziren. Beraz, berriro hori biziko banu, hasieratik D eredua aukeratuko nukeela uste dut.

Zer gertatu zen gauzak aldatzeko? Zergatik egin zenuen euskararako bidea?
DBHko lehen, bigarren eta hirugarren mailak B ereduan egin nituen, baina laugarrena, ez. Egun batean etxera joan eta amari esan nion: “Ama, datorren urtean D eredura pasatuko naiz”. Kokoteraino nengoen, euskaraz gehiago jakin gura, baina ez nuelako lortzen. Hiru-lau urte dagoeneko hemen, eta euskaraz ezin nuen elkarrizketa bat ere egin. Oso txarto sentitzen nintzen. Beraz, nire lagun kolonbiar bat eta biok D eredura pasatu ginen laugarren mailan, eta oso ondo joan zitzaigun. Gaur egungo nire kuadrilla ordukoa da.

Maila itzela duzu. Errefortzuak ere jaso zenituen, ezta?
Bai. Etorkinentzako euskara ikastaro batzuetan egon nintzen Berbaron, eta, aparte, uste dut udalak antolatuta, antzerki tailerretan ere bai. Karrikako neska bik ematen ziguten, eta, azkenean, obra bat egin nuen eurekin, Paperezko ohea. Dena euskaraz zen, eta pilo bat lagundu zidan. 15 bat urte nituen orduan.

Durangoko Pol-Pol tabernan egiten duzu lan. Euskara praktikatzeko aukera da?
Etxean errusiarrez egiten dugu, eta tabernak euskara praktikatzen lagundu dit. Izan ere, gura barik jendeagaz berbetan hasten zara eta, azkenean, praktikatzen duzu. Aparte, iaz Txilen egon nintzen, Erasmus bekagaz, eta han Berrizko eta Mallabiko neska bigaz bizi izan nintzen sei hilez; euskara piloa egin genuen. Mallabitarrak han ikasi zuen gaztelaniaz! (barrez).

Tabernako bezeroak harritu egiten al dira zu euskaraz entzutean?
Hori ia-ia egunero gertatzen zait. Bikote bat etorri, euren artean euskaraz, eta gaztelaniaz eskatzen didate edaria. “¿Nos pones dos cortados?”. Nik beti eskaria errepikatzeko ohitura dut, eta “ebaki bi?” esaten diet. “A, bai!”, euren erantzuna. Bestalde, alderantziz ere gertatzen da. Nahiz eta nire aurpegiera kanpotarra dela ikusi, batzuek zuzenean euskaraz egiten didate.

Euskarak hobeto integratzeko balio izan dizu?
Baietz uste dut. Euskaraz egiten saiatzeak laguntzen du, ze zuek gehiago zabaltzen zarete. Erlazioa hobetzen da. Beti esaten dute oso zarratuak zaretela, baina ez nago oso ados horregaz. Ni hasieratik oso babestuta sentitu nintzen. Horregatik esaten dut ez zaretela hotzak. Ez nago munduko mugekin ados, mundua denona baita. Baina, beste errumaniarrei ere esaten diet, kontuan edukitzeko beste lur batera etorri garela, eta bertako kulturara moldatzen saiatu behar dugula. Ezin dut ahaztu non jaio nintzen, eta ezta ahaztu gura ere. Baina, jada, hemengo kulturaz berba gehiago egiten dut nire jatorrikoaz baino. Harro sentitzen naiz hemengo jendeaz. Oso bereziak zarete, eta oso pozik nago Euskal Herrian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!