“Gure soldata senarraren soldataren gehigarri bat dela esan zigun patronalak”

Markel Onaindia 2017ko aza. 3a, 16:00

Ingurukoen babes mezuak idatzita dituzte euren borrokaren ikur izan diren kamiseta berdeetan. Urte eta erdiko greba deialdien ostean, heldu da kamisetak eranzteko ordua, enpresekin akordiora heldu baitira. Aldundiak kontzertatutako egoitzetako zaintzaileak edo gerokultoreak dira, ELAkoak.  Durangoko Barandiaran egoitzan lan egiten dute Ereñagak eta Pedrosak, eta Astarloan Ariznabarretak.

Pozik zaudete, ezta?
Geno Ereñaga: Bai. Nekatuta gaude, baina oso pozik.
Ainhoa Pedrosa: Horrela da. Akordioa sinatzeko unea oso hunkigarria izan zen.

Azken urtea luzea izan da.
G.E.: Espero genuena baino luzeago joan da. Emakumeak garelako izan da borroka hau hain luzea, argi daukagun gauza da. Baina, seguruenik, emakumeak garelako ere eutsi dugu hainbeste.

Zergatik duzue iritzi hori?
Esther Ariznabarreta: Zaintzaileen artean gehiengo handi bat emakumeak gara. “Nire barrabilengatik, ez duzue hori lortuko”, esan izan digute, hitzez hitz. Uste zuten ez zirela gure erabakiak, sindikatuak manipulatzen gintuela. Baina erabakiak batzarretan bozkatuta hartu ditugu. Enpresarien ikuskera duela 40 urtez atzerakoa da. Uste zuten ez geniola eutsiko.
G.E.: Gure soldata senarraren soldataren gehigarri bat dela ere esan izan digute. Gauza umiliagarriak izan dira.

Patronalak zelako jarrera eduki du negoziazioan?
E.G.: Hasieran, ezezko borobila jaso genuen, aurreko hitzarmena murriztu gura zutela esan ziguten. Euren bigarren proposamena hilean 3 euro gehiago ematea zen; hori gutaz barre egitea zen, ezer baino txarragoa zen. Gu umiliatzen saiatu dira. Gainera, zerbitzu minimoak kasik totalak izan dira. Guk hitzarmen duin eta justu bat gura genuen, zaharrei zaintza duin bat eskaini ahal izateko. Hobekuntza asko lortu ditugu, baina oraindik badago zer hobetu ere.
Esther Ariznabarreta: Gerra bateko lehen bataila irabazi dugu, eta kalean jarraitu behar dugu. Ez dizkigute ratioak borrokatzen utzi, eta hori izango da etorkizuneko gure helburua.
G.E.: Ratioak zaharkituta daude, eta Aldundiak oso tratu desberdina ematen die bere egoitzei eta kontzertatutakoei. Grebagaz, egoera ikustaraztea lortu dugu. Gainera, zaharren senideak saretzen hasi dira. Hori ere gure garaipen bat da.

Zeintzuk dira hitzarmenerako lortu dituzuen hobekuntzak?
G.E.: Ordutegiei dagokienez, Aldundiko egoitzekin parekatzea lortu dugu, urtean 1.592 ordugaz; 1.698 ordu geneuzkan orain arte. 140 euroko soldata igoera ere badugu, eta domeketako gehigarria 2,70 eurora igo dugu 1,70etik. Lau urteko epean pausoka igoko dira neurriak. Lan istripuetan, aldi baterako ezintasuna %100ean ezarri da.

Hobekuntza horiek zaharren zaintzan ere igarriko dira, ala?
E.A.: Hori itxaroten dugu. Gure baldintzek zerbitzuaren kalitatean eragiten dute.
G.E.: Ordutegi laburragoa edukita, deskantsatuago egongo gara, noski, eta gure lanaren kalitatea hobea izango da. Ez da berdina zazpi eguneko lanaren ostean egun bat edo bi libratzea.

Zelan eragin dizue urtebeteko egoera honek pertsonalki?
Ainhoa Pedrosa: Urte gogorra izan da, gorabehera askokoa.  Batzuetan pozak izaten genituen, baina beste batzuetan behea jota geunden. Gainera, galera ekonomiko garrantzitsua eduki dugu.
G.E.: Maila ekonomikoan, emozionalean eta sozialean eragiten dizu. Gorputz eta arima egiten duzu lan. Eskerrak ELAren babesa eduki dugula, eta erresistentzia kutxatik tiratu ahal izan dugu. Ez da soldata bat, baina babes bat bai. Senideei eta ingurukoei eskerrak eman behar dizkiegu, egunero kalean egon garelako, eta egoera hori jasan behar izan dutelako.
E.A.: Hori bai, babes itzela eduki dugu, eta aitortu egin behar da.
G.E.: Hori da. ELAko kide guztiak, elkarretaratzeetan egon diren Durangoko EH Bildu eta Herriaren Eskubideko kideak, zaharren senideak, greba egin ezin baina mobilizazioetara etortzen ziren lankideak, Bilbon beti egon izan den Tasio Erkizia, Ecuador Etxekoak, feministak, Iurretako Anderebide...

Gauzak irabazi daitezkeela erakusten duen borroka bat izan da zuena.
E.A.:  Paraxutean salto egitea falta izan zaigu bakarrik [barrez]. Gainera, era baketsuan egin dugu protesta, amorruari eustea kosta zaigun arren.

Gustuko duzue zuen lana?
E.A.: Oso aberasgarria da. Hartu-eman pertsonalak oso inportanteak dira. Euren familia etorri ezin denean zu zaude eurekin. Denek dakite amaiera heltzen dabilela, eta etapa zaila da.
G.E.: Ez ditugu soilik garbitzen; entzun egiten diegu, eurekin negar egin... Zaintza on bat merezi dute. Gaur egun, egoitzak negozioak dira, eta zerbitzu publikoak izan beharko lirateke

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!