Neurri berriaren aurrean A-8 peajerik ez plataformako kideak "engainatuta" sentitzen dira

Maialen Zuazubiskar 2017ko urr. 30a, 13:27
Argazkia: Lehior Elorriaga

Duela hamar bat egun jarritako neurri berriaren aurrean A-8 bidesariaren aurkako plataformako kideak "mespretxatuta eta engainatuta" sentitzen direla adierazi dute.

Unai Rementeria ahaldun nagusiak jakitera eman zuenez, urtarriletik aurrera, Gipuzkoako zatia egitearren autobideko erabiltzaileek 45 euro ordainduko dituzte gehienez. Bestalde, Bizkaian 30 euroko gastu muga dago; beraz, urtarriletik aurrera, guztira 75 euroko muga egongo dela jakitera eman zuen.

Neurri berri honen aurrean, A-8 bidesariaren kontrako plataformako kideak haserre agertu dira. "Hauek eskaintza engainagarriak dira, neurri hauekin ez da ezer aldatuko", adierazi dute plataformako kideek.

Horrez gain, neurri berri hauekin "baztertuta" sentitzen direla adierazi dute. "Egungo tarifak zein urtarriletik aurrera jarri nahi duten bidesariak herritarrak zatitu besterik ez ditu egiten. Alde batetik, A-8a ordaindu ahal duten aberatsak jartzen dituzte, eta bestetik, bidesari hori ordaindu ezin dutenak N634 errepide arriskutsuetatik ibiltzera kondenatzen dituzte", gaineratu dute.

Bestalde, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatuei dei egin diete plataformak antolatzen dituen ekintzetan parte hartu eta "bidegabeko bidesariak" jendearengan duen eragina zuzenean entzun dezaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!