Kataluniako prozesua

Josean Odiaga: "Bartzelonako kaleetan jai giroa da nagusi"

Jone Guenetxea 2017ko urr. 27a, 20:25

Parlamentutik hurbil lan egiten du Josean Odiagak Bartzelonako Euskal Etxean. "Goizean jendetza ikusi dugu Parlamentura bidean. Azken egunetako berrien ostean, tentsioa somatzen zen", azaldu du iurretarrak.  

Gaur goizean Euskal Etxean lanean gelditu da Odiaga Parlamentura joan barik, baina arretaz jarraitu dute telebistaz independentziaren deklarazioa. "Atzoko zalantzen ostean, sufrimendua izan da. Azkenean errepublika deklaratu denean lasaitasuna sentitu dugu", dio iurretarrak.

Lanetik irten denean, Odiagak txapligoak eta jai giroa aurkitu ditu Bartzelonako kaleetan. "Sant Jaume plaza inguruan jendetza dago eta txapligoak eta musika entzuten dira. Gaur gaueko afarian ez da cavarik faltako". 

Bestalde, hemendik aurrera gertatuko dena ez du argi Odiagak. "Espainia ahaleginduko da 155a indarrean jartzen. Hau pultso bat da, eta gaurko deklarazioak negoziazioa parez parekoa izateko balio dezake". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!