Astebete falta da Atxondoko eta Otxandioko galdeketetarako

M.O./M.Z. 2017ko urr. 27a, 12:00

Gure Esku Dagok deituta, Atxondoko eta Otxandioko herritarrek Euskal Herriaren etorkizun politikoaz iritzia emateko aukera edukiko dute azaroaren 5ean. Joan zen maiatzaren 7an Durangaldeko beste hainbat herritan egin zen lez, herri bi horien txanda da orain. Euskal Herrian 13 herritan egingo dituzte herri galdeketak astebete barru; tartean, Getxon.

Gure Esku Dagoko kideak egun horretarako prestatzen ari dira, jendea parte hartzera animatzen eta informatzen. Esaterako, herri bietan boto aurreratua emateko aukera eskainiko dute. Atxondon azaroaren 1ean, 2an eta 3an izango da, Gure Esku Dago dinamikaren lokalean, 19:00etatik 21:00etara. Otxandion, ostera, biharko ipini dute eguna, 18:00etatik 21:00etara, Artekalen duten egoitzan.

Asteburuko ekintzak
Azaroaren 5eko galdeketaren aurretik Gure Esku Dago Eguna antolatu dute atxondarrek, domeka honetarako. Goizean, Asuntze Mendi taldearen laguntzagaz, mendi martxa familiarra egingo dute. Ostean,  herrian trikipoteoa egingo dutela eta egunari herri bazkari bategaz emango diotela jarraipena jakitera eman dute antolatzaileek. Arratsalderako, bingoa eta umeen moto lasterketa ere iragarri dituzte.

Otxandion, berbaldi bi egongo dira asteburu honetan. Gaur, 19:00etan, Josune Gorospe EAJko kideak berba egingo du kultur etxean, eta bihar, ordu berean, Gure Esku Dagoko bozeramaile Anjel Oiarbidek eta EH Bilduko Miren Larrionek hartuko dute hitza, gimnasioan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!