Zelan bizi izan zenuten erreferendum eguna Katalunian?
Eli Puiggròs: Bizi osoan egun honen zain egon naiz, amestera ere ausartzen ez ginen eguna. El día que durará anys, esaten den bezala. Eta horrela izan zen. Orduak pasatzen ez ziren egun eternoa izan zen. Ikasbidea izan zen niretzat, gizatasun, errespetu, erresistentzia baketsu eta duintasunaren aldetik. Harrezkero, ez naiz pertsona bera. Anekdoten artean, akorduan geratu zaizkit pertsona nagusi edo gaixoak, mehatxu eta erasoen gainetik, botoa eskuan zutela etortzen eta ukabila altxatuz hauteslekutik irteten.
Martitzeneko greba egunean Bartzelonatik Abadiñorako bideari ekin zenioten. Zelako bidaia izan zenuten?
Igor Arkarazo: Bidaia inoizko luzeena izan zen. Bartzelonatik kale artetik irten ginen autobidera. Errepideak traktoreekin itxita aurkitu genituen. Lehenengoz bizitzan, autobidean onenen artean geldi egotearren poztasun itzela sentitu nuen.
Zein sentsazio gelditu zaizue?
E.P.: Harro gaude herri katalana independentzia adierazpenera eramango duen erreferendumaren emaitza eta duintasunagatik. Hala ere, arduratuta gaude oraindik estatu ez demokratiko batean gaudelako, eta bere erreakzio biolentoak kezkatzen gaitu.
Egoera honek zein irtenbide izan dezake?
I.A.: Herri katalanak ibilbide luzea egin du estatuagaz adostutako erreferenduma egin ahal izateko. Bide horretan herria ahaldundu egin da eta dagoeneko ez du inoren erantzun edo baimenik itxaroten. Bere etorkizuna demokratikoki erabaki du, oztopo guztien gainetik. Hainbat auzipetu daude, eta 800 lagunetik gora, zaurituta. Gure ustez, hautetsontzietan herriak adierazitako borondatea errespetatzea da irtenbide bakarra.
Familia eta lagunak dituzue Katalunian. Haustura sozialari buruz berba egiten da. Katalanek horrela bizi dutela uste duzue?
E.P.: Inondik inora. Katalunia herri anitza da, hizkuntza eta kulturetan aberatsa, mundu osoko identitateen topagune eta izendatzaile komun bategaz: kultura katalana. Erreferenduma baietzak eta ezetzak balio zuen ekintza demokratikoa izan zen, eta horren lekuko izan ginen.
Gobernu zentralak azken hilabeteetan izandako jarreraren eraginez, independentistak izan ez diren katalan ugari baietzaren alde egotera pasatu direla diote iritzi askok. Zuek uste horregaz bat zatozte?
I.A.: Pertsona askorengan eragin ahal izan du, zalantzarik barik. Baina, azpimarratu gura genuke Katalunian azken urteetan gertatu den transformazioak herrialde berri bat sortzeko proiektuagaz ilusionatu diren kolektibo eta sentsibilitate ugari ukitu dituela.