Kataluniako prozesua

"Katalunian bizi izan ditugun egun hauek zoragarriak izan dira"

Markel Onaindia 2017ko urr. 2a, 16:16

Kataluniako erreferenduma babesteko asmoz makina bat jende joan da Euskal Herritik hara, eta tartean Durangaldeko hainbat ere bai, erresistentzia zibil handi horren parte izan direnak. Bozkalekuak defendatzen ibili dira, kataluniarrei laguntzen. Bertan bizitakoaz berba egin digu Martin Arrasate Iriarte gazte durangarrak, hunkituta, Bartzelonatik. "Eredu bat iruditu zaigu estatuaren errepresioaren aurrean eduki duten jarrera".

04:30ean esnatu eta eskola bat defendatzera joan ziren Arrasate eta bere lagunak. "08:00etan etorri ziren polizia nazionalak, eta 10:30ak arte ibili ziren guri egurra ematen, hautetsontziak kendu arte", azaldu du. Gero, beste eskola batera mugitu ziren, eta gauza bera egin zuten egunean zehar, eskoletan sortzen ziren beharrizanen arabera. "Eskola batera joan eta defendatzeko jende asko zegoela ikusten bagenuen, beste batera joaten ginen". Hautetsontziagaz argazkia atera zuten unea kontaketa egin ostekoa da. "Eskolak ixtean, bertan gelditzeko eskatu ziguten, kontaketa egin ahal izateko. Amaitzean, herri-harresia eskolako kideentzako pasarela bat bihurtu zen, eta hor duki genuen aukera hautetsontzia ukitzeko". 

Bartzelonan bizitakoa Euskal Herrirako baliagarri izan daitekeela uste du Arrasatek. "Eurek prozesu honetan erabilitako hainbat ezaugarri ekarri behar ditugu Euskal Herrira, eta guk bide berri bat hasi, hau posible izateko".

 

Hemen Durangaldeko beste zenbait lagun, talde argazkian, hautetsontzi bategaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!