Astelehenean abiatuko dute 'Familian euskaraz jolasean' programa

Itsaso Esteban 2017ko ira. 23a, 10:00

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Euskara Zerbitzuak eta Bizkaiko Urtxintxa Eskolak antolatzen dute Familian euskaraz jolasean programa. Kalean eta parkeetan euskararen erabilera bultzatuta, familia barneko euskarazko harremanak indartu nahi dituzte. Durangon, Abadiñon, Zaldibarren, Berrizen, Mañarian, Atxondon eta Iurretan ipiniko dute programa martxan.

Hiru eta zortzi urte bitarteko haurrei zuzenduriko ordubeteko saio ludikoak izango dira irailaren 25etik azaroaren 10era bitartean programa horren barruan burutuko dituztenak. Umeek euskara bizipen positiboekin lot dezaten bultzatzeko, gozamenaren bidez landuko dute hizkuntza. Horretarako, Urtxintxa Eskolako hezitzaileek euskarazko jolas eta abestiak erakutsiko dizkiete gurasoei eta umeei; ondoren, etxean edo beste edozein lekutan praktikan jar ditzaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!