Telefonoa ere euskaldun

Erabiltzailearen aurpegia Zornotzako Barnetegia 2017ko eka. 23a, 13:02

Ea, euskaldun maiteok: zein hizkuntzatan duzue telefonoa? Badakizue hainbat patrikako euskaraz jarri ahal duzuela? Zuona euskaraz jartzerik? Ez da, gero, makala euskaldunok telefonoan ere lehenengo hitza euskaraz adierazteak ekarri ahal digun buelta!

Askok eta askok jakin ez arren, badira mugikor asko euskaraz jarri daitezkeenak; eta inongo konplikazio barik, gainera: ezarpenetara jo, eta bertan “Hizkuntza eta idazketa” aukera aurkituko duzue. Sartu eta euskara lehenetsi besterik ez da egin behar.

Itzela da, benetan, 20 segundoko keinu horrek duen indarra, lagunok; eta, jakina, zenbat eta keinu gehiago, orduan eta sendoagoa izango da euskara.  Izan ere, telefonotik nabigatzen duzuenean, euskarazko informazioa topatuko du nabigatzaileak. Hortaz, ahalik eta euskaldun gehienok horrela jokatuz gero, euskararen eskaerak gora egingo du, nabarmen, Interneten, eta horrela, web orriak sortzen dituztenek euskara izango dute kontuan. Gure esku dago, beraz!

Aurreko proposamena burutu ahal izateko, aldiz, ezinbestekoa da sistema euskaraz duen telefonoa izatea. Eta zelan jakin zeinek duen? Hori ere posible dugu Teknopataren Txokoari esker. Bertan dugu Joxe Rojasek, erabiltzaileen laguntzaz, osatutako euskara aukeran duten telefono-zerrenda. Aprobetxa dezagun, ba, bigarren proposamena egiteko: sartu, kuxkuxeatu  eta parte hartu. Telefono berririk behar duzue? Euskara lehenesteko aukera ematen duen bat aukeratu! Zuona agertzen da ala ez? Ba, guztion mesederako, lagundu zerrenda osatzen! 

Lehenengo proposamena egiteko, 20 segundo; bigarrenerako, minutu bat. Nork ez du horrelako tarterik? Atera nagiak eta egin keinua euskarari! Euskalduna beti euskaldun; beti indartsu! 

 

Osorik irakurri

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!