Durangaldeko bost bat mila langilek preso eta iheslarien etxeratzearen alde sinatu dute

Markel Onaindia 2017ko eka. 12a, 08:32

Presoen eta iheslarien etxeratzea eskatzeko asmoz, Ireki izeneko kanpaina garatu dute urritik hona langile mugimenduaren baitan. Euskal Herrian 150.000 sinadura batzea gura zuten, hemen inoiz egin den bilketarik handiena izatea erronka lez hartuta.

Durangaldean ere ibili dira fabrikarik fabrika eta bulegorik bulego, eta bost bat mila beharginek sinatu dute, dinamikaren eskualdeko arduraduna den Aitzol Agirre LABeko kideak azaldu duenez. Kalean jaso dituztenak gehituta, 7.000 sinaduratik gora lortu dituzte.

Ekainaren 17an manifestazioa egingo dute Gasteizen, kanpainari amaiera eman eta emaitzaren berri emateko. 11:00etarako, martxetara deitu dute  Arangiz eta Otazu auzoetatik, eta 12:30ean hasiko da mobilizazio nagusia, Ama Zuriaren enparantzatik.

Durangaldetik hainbat autobus irtengo dira Gasteizera joan ahal izateko. Hain zuzen ere, Abadiñon, Durangon, Elorrion, Zornotzan eta Ermuan antolatu dituzte autobusak.

Foro sozialaren esku
Agirreren esanetan, batutako sinadurak Konponbiderako Foro Sozialaren ordezkariei entregatuko dizkiete. Izan ere, dinamika “preso eta iheslarien etxeratzea errazteko tresna” izatea gura dute. “Azken urteetan, presoen egoeraren inguruan lan munduan garrantzizko lanik ez dela egin uste dugu”, esan du Agirrek, eta ekimen honegaz ekarpena egin gura izan dutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!