Ez ahazteko moduko arratsaldea igaro genuen, atzo, Zornotzako Barnetegian. Bai, jaun-andreok! Betiko izango dugu gogoan 2017ko ekainaren 1ean ehunka lagunek erakutsitako babesa!
Aurreskuak eman zion hasiera ospakizunari, etxaurrean; alegia, azken 25 urteotan 10.000 lagun baino gehiago euskaldundu duen etxe honen aurrean. Eta harreraren ostean, aretoan bildu ginen berbaz, musikaz eta lorez betetako ekitaldian murgiltzeko. Joxan Goikoetxeak (pianoan) eta Josune Marinek (gitarran) lagunduta, Xabier Euzkitzek bideratu zuen atzoko tarterik hunkigarriena; eta horretan, Mikel Etxebarria (Aurten Bai Fundazioaren Presidentea) eta Bingen Zupiriaren (Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua) hitzak ere entzun genituen. Hona hemen aipu bana:
Mikel Etxebarria: “Zornotzako Barnetegiak euskararen irakaskuntzan kalitatezko
zerbitzua eta 24 orduz euskaraz bizitzeko abagunea eskaini nahi ditu”.
Bingen Zubiria: “Zornotzako Barnetegiak euskararen ikas-prozesua hizkuntza
ideologietatik urruntzen eta gozamen zein aisialdiarekin lotzen jakin du”.
Azpimarratzekoa da, neurri berean, Xabier Euzkitzek unerako propio idatzitako kopla:
Zornotzako koplak
Laboaren aire hontan
hasiko al naiz bertsotan
ea irinik eho litekeen
koplariaren errotan
Zilarrezko ezteietan
harro zaitezte benetan
hainbat landare erne baitira
baratze eder honetan
Zornotzako barnetegi
euskararen katebegi
zilarrez jantzi zara gaur baina
noizbait urre bihur bedi
Dena indar ta adore
barnetegia dotore
ez arantzarik gabea baina
usain ederreko lore
Ni euskaldun jaio nintzen
belar txarrak nekez hiltzen...
Mende osoa iraganen dut
ene hizkuntza erabiltzen
XE
Doinua: Sorterriko koplak (Laboa)
Aurrekoa esanda, momentu ezin aproposagoa dugu 25.urteurren honetarako prestatutako eta atzo bertan aurkeztutako bideoa zuokin partekatzeko. Ez da erraza 2 minututan laburtzea 25 urtetan bizi izandakoa, baina saiatu gara egindako bidea geuk zelan sentitzen dugun zuoi transmititzen; ea lortzen dugun!
</p> <p>Mila esker atzo bertoratutako guztioi! Mila esker langile guztioi! Eta, batez ere eta bereziki, mila esker 25 urte hauetan gure lora sustraitzen lagundu diguzuen ikasle guzti-guztioi!&nbsp;</p>
Mila esker atzo bertoratutako guztioi! Mila esker langile guztioi! Eta, batez ere eta bereziki, mila esker 25 urte hauetan gure lora sustraitzen lagundu diguzuen ikasle guzti-guztioi!