Ekainaren 1ean, gora kopak!

Erabiltzailearen aurpegia Zornotzako Barnetegia 2017ko mai. 26a, 12:17

25 urte! 25 urte igaro dira Zornotzako Barnetegiko hazia erain genuenetik! 25 urte, ernatzen hasi ginenetik! 25 urte! Eta orduan ernatutako lorea bizirik dugu; bizirik eta indartsu!

Esan beharrik ez dago ordutik hona gauzak asko aldatu direla; hala ere, aldaketak aldaketa, gure helburua lehengo lepotik, gaur egun ere: herria euskalduntzeko premiari erantzun nahian jaio, eta nahiari eusten diogu. Eta “diogu” diogunean, azken 25 urteotan izandako bidelagun guzti-guztiak, bat bera ere ahaztu barik, ekarri nahi ditugu gogora, geure lorearen sustrai sendoak eurak izan eta direlako.  

Badugu, beraz, zer ospatu! Eta urtean zehar, egindako ibilbidea omentzeko bestelakorik egongo bada ere, ospakizun nagusia ekainaren 1ean izango dugu, arratsaldeko 7etan. Barnetegian berton egingo dugun ekitaldian, Xabier Euzkitzek zuzendu eta Joxean Goikoetxeak musikaz lagunduko duen ekitaldian. Gainera,  ikasleen partaidetzari esker grabatutako bideoaren aurkezpena ere izango dugu bertan. Eta momentuz, besterik ez, besterik ezin dugu esan…

Ekainaren 1ean, gora kopak! Osasunez urratutako bideagatik!

Osorik irakurri

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!