1937ko maiatza: Durangaldea frankisten esku geratu zenekoa

Markel Onaindia 2017ko mai. 27a, 10:00

Egunotan 80 urte bete dira bertako azken erresistentzia jausi zenetik. Mañaria eta Zornotza izan ziren errepublikarren menpeko eskualdeko azken herriak.

 

Apirilean Durango eta Iurreta menderatu ostean, frankistek Gernika eta Bermeorantz jo zituzten erasoaldiak, eta Eusko Jaurlaritzak defentsa lerro bat ezartzea erabaki zuen Mañarian, Saibigainen, Zornotzan eta Arratian, Jon Irazabal ikerlariak Gerra Zibila Durangaldean liburuan kontatzen duenez. Baina, egun gutxira, Mola jeneralaren agindupekoek ofentsibari ekin zioten suaren bidez; maiatzaren 14an eta 16an bonba su-eragileak bota zituzten Zornotzan, eta 23an gauza bera egin zuten Mañarian eta Izurtzan. Eskubaratzetik behera sartuta, kolpisten esku geratu ziren herriak.

Elias Eubaren loreak

Gertakari horiek eta Gerra Zibilean hildakoak oroitzeko asmoz, ekitaldia egin zuten Zornotzan joan zen zapatuan, Zornoza elkartearen eskutik eta udalaren laguntzaz. Bertan, gerraren lekuko izan zen Elias Eubak egin zuen lore eskaintza. Durangoko bonbardaketa bere begiekin ikusi zuen, Montorrako baserrian behiak zaintzen zegoela. Gerrak aurrera egin ahala eta Francoren aldekoak herrian sartu aurretik, Artzentalesera ihes egin zuen 16 urtegaz, abere eta guzti. Erasoaldia pasatuta bueltatu zen herrira, eta Boroa ingurutik dena erreta ikusi zuela gogoratzen du. Anaia zaharra, Simon Bolivar batailoiko gudaria, zaurituta zegoen; beste anaia eta osaba bat langile batailoietarako hartuak. Bizitza berri bati ekin behar izan zioten, frankisten mendean.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!